ACTUALIDAD / Régimen salarial
Lau eguneko lan-astea probatuko dute Espainiako Estatuan ere
Proba pilotu bat jarriko du martxan Espainiako Estatuak datozen bi urteetarako. Industria sektoreko enpresetara bideratu du ekimena.
2023eko apirilaren 14
Lau eguneko lan-astea probatuko dute Espainiako Estatuan ere

Estatu ugaritako enpresetan egin dute proba jada: asteko lanaldia murriztu eta lau eguneko lan-astea ezarri diete langileei. Espainiako Gobernuak iaz iragarri zuen Espainiako Estatuan ere egingo zuela esperimentua, eta ostegun honetako Aldizkari Ofizialean (BOE, gaztelerazko sigletan) argitaratu du proba pilotuan parte hartu nahi duten enpresentzako diru-laguntzen deialdia.

Proban parte hartuko duten lantokiek, beraz, beharginen lan-asteak %10 murriztuko dituzte. Bi urte iraungo du pilotuak, eta enpresek konpromisoa hartuko dute, bigarren urtean, gobernuaren laguntzarik gabe lau eguneko lan-asteari eusteko.

Hartzaile posibleak mugatu ditu gobernuak: industria sektoreko enpresei emango dizkie lanandi murrizketa esperimentala martxan jartzeko laguntzak. Baldintzen artean dago, momentuz, lan-orduak gutxitu arren soldatak ez jaistea langileei.