ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Urola Erdiko Laneko Autodefentsa Sarearen aurkezpena, iaz.
2023/04/05 10:14

Deba Bailaran ere Laneko Autodefentsa Sare bat sortu du tokiko Kontseilu Sozialistak, berriki jakinarazi duenez. Modu horretan egin du "lan-esparruan antolakuntzarako eta borrokarako espazioak garatzen joateko apustua". "Lan-arloan jasaten ditugun zapalkuntzei eta eskubide urraketei aurre egitea" funtsezkoa dela uste du Kontseilu Sozialistak, eta, Laneko Autodefentsa Sare berriaren bidez, "nagusien inpunitatearekin amaitzeko eta guztiontzako lan-baldintza berdinak izan daitezen" egingo du borroka.

"Krisi kapitalista betean", "lan-esparruan eta gure eskualdean [Deba Bailara] ere hainbat dira burgesiaren ofentsibaren adibideak", Kontseilu Sozialistaren esanetan. Adibide modura aipatu ditu "soldataren jaitsiera, langabezia estrukturala, kontraturik gabeko lanak, ordaindu gabeko lan-orduak, lan-jazarpena eta kaleratzeak". "Enpresari handi zein txikiek inpunitate osoz jarduten dute babesgabe dagoen langileriaren eskubideak etengabe urratuz", seinalatu du.

"Babesgabetasun horri erantzun ahal izateko", Deba Bailaran Lubaki Langile Elkartasun Sareak "oinarriak" jarri dituela aldarrikatu du Kontseilu Sozialistak. "Urrats bat gehiago emateko momentua iritsi dela" iritzita eman du amaitutzat Lubakik bere ibilbidea, "zapalkuntza orori aurre egiteko antolakuntza orokorrago baten beharra" nabarmenduta. Deba Bailarako Laneko Autodefentsa Sarera batzera deitu du, beraz.

Hurrengo astean aurkeztuko dute Laneko Autodefentsa Sarea. Apirilaren 14an izango da aurkezpen saioa, 18:30ean, Oñatiko (Gipuzkoa) Euskaldun Berria gelan.

NO HAY COMENTARIOS