Gazako Zerrendako genozidioak aurrera jarraitzen du, nahiz eta Israelgo Estatuak "etenaldi taktikoak" deitu zituen hainbat eremutan joan den igandean, palestinarrentzako laguntza humanitarioa sar zedila errazteko. Dena den, geldialdi horiek hasi zirenetik, indar sionistek gutxienez 63 palestinar gehiago erail dituzte, laguntza humanitarioaren zain zeuden 34 pertsona barne, Al Jazeera-ren arabera. Artilleriarekin egindako erasoek eta bonbardaketek bere horretan segitu dute Gaza hiriko Tuffah eta Shujayea eremuetan, esaterako. Izan ere, gune horietan adibidez, segurtasun faltak eragotzi egiten du laguntza banatzeko operazioak normaltasunez egitea.
Krisi humanitarioa are gehiago larriagotzen da Israelgo Estatuko okupazio-indarrek ezarritako blokeoaren ondorioz: funtsezko elikagaien, botiken eta bestelako oinarrizko hornidurak sartzea nabarmen ezintzen dute blokeoaren bidez. Aurreko igandean, 73 laguntza-kamioik bakarrik lortu zuten enklabean sartzea, nazioarteko erakundeek gazatarren gosete masiboa saihesteko beharrezkotzat jotako 600 kamioiak baino askoz ere gutxiago.
Desnutrizioak eragin larria du haurrengan, haurdun dauden emakumeengan eta bularra eman behar duten amengan, erabateko nutrizio-kolapso baten atarian. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, Gaza hiriko bost urtetik beherako haurren artean, ia bostetik batek jasaten dute malnutrizio larria, eta kopuru hori hirukoiztu egin da azken hilabetean.
Palestinar Errefuxiatuei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziak (UNRWA) eta Gurutze Gorriak, besteak beste, berretsi dute prestutasuna eta gaitasuna dituztela laguntza modu zuzenean eta duintasunez banatzeko. Hala ere, Israelgo Estatuak ezarritako blokeoak eta segurtasun faltak erakunde horien operazioak larriki oztopatzen dituztela salatu dute.
Bien bitartean, laguntza banatzeko guneetan palestinarren aurka izaten ari diren erasoek eta nazioarteko hamaika aktibista eta itsasontzi humanitario jasaten ari diren atxikitzeek areagotu egiten dute nazioarteko presioa. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak berretsi du erasoaldiak "Hamas suntsitu arte" jarraituko duela; nahiz eta, Gazako Osasun Ministerioaren azken datuen arabera, desnutrizioak 130 heriotza baino gehiago eragin dituen jada, 87 haur barne.
Hamasen ultimatuma
Khalil al Hayyak, Hamaseko buruzagi erbesteratuetako batek, erresistentziaren sare ofizialetan zabaldutako bideo batean esan du ez duela zentzurik sionistekin su-eten bat negoziatzen jarraitzeak, gazatarrak gosez hiltzen, sarraskitzen eta setiopean zapaltzen dituzten bitartean. Al Hayyak Israelgo Gobernuari leporatu dio negoziazioak aitzakia gisa erabiltzea, palestinarren gosea luzatzeko eta bide militarretik lortzen ez dituen kontzesioen aldeko presioa egiteko.