Azaroaren 5ean hasi zen Munduko Tranpolin Txapelketa Iruñean (Nafarroa), eta bertan izaten ari dira, besteak beste, Israelgo Estatu terroristako hainbat ordezkari. Hori dela-eta, Nafarroako BDZk mobilizazio bat antolatu zuen txapelketaren lehen egunerako: "Ezin dugu normalizatu estatu genozidaren presentzia Euskal Herrian". Deialdia babestu zuen Palestinarekin Elkartasuna plataformak.
Nafarroa Arena aurrean izan zen protesta, bertan ari baitira txapelketa jokatzen. Asteazkenean, iluntzeko 19:00etan elkarretaratu ziren bertan hainbat eta hainbat lagun, Israel munduko kiroletik kanpora. Nafarroako Gobernua konplize lelopean. Izan ere, mobilizazio-deialdia egitean salatu zuten Nafarroako Gobernuaren jarrera, lehiaketan sionisten parte-hartzea baimentzeagatik.
Jazarriak Nafarroa Arenara sartzen saiatzean
Palestinarekin Elkartasunak bestalde salatu duenez, Nafarroa Arenara palestinar ikurrekin sartzen saiatu ziren hainbat mugimendutako kideak, baina polizia-indarrek jazarri zieten. Foruzaingoak zenbait pertsona identifikatu eta isuntzearekin mehatxatu zituen, eta Palestinako banderak kendu zizkien besteak beste.
"Salatu nahi dugu kirol-ekitaldietan sionismoaren ordezkariek parte hartzeak Israelen irudia garbitzen duela, bere errealitate kolonial eta genozida mozorrotuz eta Palestinan zein inguruko herrietan egiten dituen krimenak ezkutatuz", seinalatu du plataformak. Nafarroako Gobernuaren "hipokrisia" ere gaitzetsi du, "mozioekin eta adierazpenekin eskuak garbitzen saiatu arren, erakusten ari baita ez dagoela prest sionismoarekin konplizitateak hausteko, eta Palestinarekiko elkartasuna kriminalizatzen jarraitzen duela".