Hendaiako (Lapurdi) alkate Kotte Ecenarrok urriaren 21ean argitaratu zuen adierazpen bat, udaltzainak armatzeari buruz hartutako erabakia azaltzeko: "Ondasunen andeatzeen eta lapurreten emendatzearen aitzinean, bertze erabakien artean gure udal polizia armatzea erabaki dut". Ez du, dena den, ustezko delituen gorakada horri buruzko informazio zehatzik eman.
Badirudi, hala, 2025eko urtarrilerako izango dituztela armak Hendaiako udal poliziek. 2017an sortu zen polizia-indar hori, eta ordura arte Frantziako Poliziak soilik jarduten zuen bertan. Gaur egun zortzi udaltzain dira, Herriko Etxearen kontrolpekoak nagusiki.
Ecenarrok erabilitako antzeko argudioekin, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) auzapez Jean-Francois Irigoyenek erabaki beraren berri eman zuen atzo, adierazpen baten bitartez berak ere. "Aktualitateak erakutsi du, maleruski, udaltzainak segurtasun ezaren eta delinkuentziaren arriskupean direla", esan zuen. Itxura denez, 2025ean zehar armatuko dituzte bertako hamahiru poliziak.