ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / El Diario/Europapress
2024/04/09 09:17

Atzo 24 orduko lanuzte bat egin ostean, greba mugagabeari ekin diote gaur Bilboko (Bizkaia) hiribuseko langileek. Hilabeteak daramatzate mobilizazioak eta lanuzteak egiten, hitzarmen kolektiboa eta, beraz, euren lan-baldintzak berritzearen alde. Beste urrats bat egin eta greba mugagabera jo dute orain: aurrerapausorik lortu ezean, astelehenetik ostiralera izango dira greban, epemugarik gabe.

Bilbobuseko beharginen itun kolektiboa 2021ean agortu zen, eta lan-baldintzak izoztuta dituzte ordutik; tartean, soldatak. Langileek, besteak beste, soldatak Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) arabera igo ditzatela exijitzen dute.

Azken hilabeteetan salatu izan dute, gainera, desegiten ari dela hiribus-zerbitzua, eta zerbitzuaren parte diren hainbat lan azpikontratatzen ari direla. Gainera, erretiroa hartu duten hainbat langile (mantenu-lanetakoak eta tailerretakoak, esaterako), ez ditu ordezkatu Alsak, eta horrek eragiten du, sarri, bi mekanikari baino ez egotea lanean, Bilbobuseko 112 ibilgailu inguruz arduratzeko.

Hilabete luzez egin dute borroka hitzarmena berritzeko (2023ko urrian hasi zituzten mobilizazioak), baina ez dute lortu oraingoz. Langileek jakinarazi dutenez, ez dira haiekin harremanetan jarri ez Bilboko Udala (EAJ) ez zerbitzua kudeatzen duen enpresa. Gaur egun, Alsaren esku dago zerbitzua.

Gaur goizerako mobilizazio deialdi bat daukate eginda langileek: 09:00etan hasi da manifestazio bat Bilboko Kale Nagusitik, eta udaletxe aurreraino eramango dituzte euren aldarriak.

NO HAY COMENTARIOS