ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / José Luis Roca/El Periódico
2023/12/15 09:23

Aste honetan atera da argitara Glovok bere soldatapeko langileei bidalitako mezu bat. Testu horren bidez jakinarazi die banatzaileei murrizketak izango direla euren soldatetan, enpresak erabaki baitu aurrerantzean ez ordaintzea "itxaronaldiagatiko konpentsazioa" deiturikoa. Horrek esan nahi du, hemendik aurrera, banatzaileei ez dizkietela ordainduko zain eta geldirik igarotzen dituzten lanorduak; esaterako, banatu behar duten eskari bat itxaroten ari direnean jatetxe aurrean.

Murrizketa hori justifikatzeko, Glovok esan du ez dela beharrezkoa banatzaileek "kokagunea aktibo" mantentzea enkargu bat jasotzen ari direnean. "Gogorarazten dizugu askatasun osoa duzula egin nahi ez dituzun eskaerak ez onartzeko eta aldez aurretik onartu dituzunak baztertzeko", gaineratu du mezuan enpresak. Eta, bestalde, adierazi du langileen "erantzukizuna" dela eskaera bat banatzean "izan daitekeen edozein gertakariren kudeaketa", itxaronaldian eman dezaketen denbora, adibidez, horri lotuta. Euren lan-jardunaren "arriskutzat eta ustekabetzat" jo du itxaronaldia Glovok.

Autonomo faltsu gisa aritzen dira Glovoko banatzaileak. Bidalitako azken mezuak, hain zuzen ere, badirudi nabarmendu egin nahi duela benetan autonomoak direla behargin horiek. Enpresak konpentsazio minimo eta txiki batzuk ordaintzen dizkie banatzaileei, esaterako, gutxieneko oinarri bat enkargu bakoitzeko, plus bat kilometrajeagatik, edota plus txiki batzuk eskari gutxi baldin badira. Hortik haratago, autonomo faltsuen sistema indarrean mantentzen du Glovok, 2021eko Rider Legea delakoak debekatu egiten duen arren plataforma digitalek banatzaile "autonomoen" bidez egitea banaketak.

Aste honetan, berez, rider langileek autonomo izateari uzteko eta enpresen soldatapeko beharginak izatera igarotzeko lehen akordio bat lortu dute Europako Parlamentuan eta Europar Batasuneko Kontseiluan. Rider Legeak erakutsi duen bezala, baina, ikusteke dago horrek zer irismen erreal izan dezakeen gero.

Oscar Pierrek 2014an sortu zuen Glovo enpresa, eta Alemaniako Delivery Hero taldearen parte da. Riders x Derechos kolektiboak azaldu duenez, Glovoren kontrako 80 sententzia judizial izan dira; alegia, epaitegiek 80 aldiz ebatzi dute legez kontrakoa dela enpresaren eredua, eta beharginen eskubideak urratuak izaten ari direla. Dena den, inpunitate osoz jarraitzen du langileei eraso egiten. "Glovo ezartzen ari den esklabotza berria ez litzateke posible izango Lan Ministerioaren pasibotasunik gabe", gaineratu du Riders x Derechos plataformak.

NO HAY COMENTARIOS