Gazarako Mugimendu Globaleko kide Nerea Etxebarriak Naiz Irratiari esan dionez, badirudi gaur helduko direla Greziara Global Sumud Flotillako lau kide euskal herritarrak; hala adierazi diete zerbitzu juridikoen bidez. Goizeko 10:00etan sartu omen dituzte hegazkinean, eta ez dago argi Atenasen lurreratu ostean Madrilera edo Bilbora (Bizkaia) bidaliko ote dituzten. Espainiako Estatuko Atzerri ministro Jose Manuel Albaresek ere esan du gaur deportatuko dituztela espainiar nazionalitatea duten preso guztiak.
Etxeberriaren arabera, Euskal Herriko laurek egin diote uko agintaritza sionistek inposatu nahi zieten “erruduntasun” agiria sinatzeari (nahi zuten guztiek aitortzea legez kontra sartu zirela "Israelen", nahiz eta nazioarteko uretan atzeman zituzten); baina, hala ere, deportatu egingo dituzte. Gazarako Mugimendu Globaleko kideak nabarmendu duenez, kartzelatik atera dituzten arren, atxilotu gisa ari dira haiek mugitzen, eta Euskal Herritik ez dute lortu oraindik haiekin harremanetan jartzea.
Tortura salaketak
Israelgo Estatuko indarrek aurreko asteazken gauean blokeatu zuten Global Sumud Flotilla, eta atxilo hartu zituzten ontzidiko ehunka tripulatzaileak. Hainbat hedabidek jaso dutenez, soldadu sionisten torturaksalatu dituzte atxilotuetako batzuek. Etxeberriak aurreratu du ez dakitela zein tratu jaso duten Euskal Herriko kideek, baina palestinarrek espetxe sionistetan pairatzen dituzten torturei buruz ohartarazi du: "Munduaren arreta hor dagoenean eta jakinda kontatu egingo dutela, tratu txarrak jaso baldin badituzte [ontzidiko kideek], pentsa zer ez ote diren jasaten ari palestinarrak kartzela horietan". Eta gaineratu du: "Gureak azken finean badatoz etxera, baina palestinarrak infernu horretan geldituko dira".