ACTUALIDAD / Represión
Gasteizko bi udaltzainek indarkeria "neurrigabea" erabili zutela aitortu du epaile batek
Isuna jarri die bi poliziei, baina ez ditu inhabilitatu. 2023an jipoitu zuten adingabe bat, patinete elektrikoan zebrabide bat igarotzeagatik.
2026eko urtarrilaren 9
Gasteizko bi udaltzainek indarkeria "neurrigabea" erabili zutela aitortu du epaile batek
— ARGAZKIA Gasteiz Hoy

Abenduan epaitu zituzten Gasteizko (Araba) bi udaltzain Arabako Probintzia Auzitegian, 2023ko martxoan, patinete elektrikoan zihoan adingabe bat jipoitzeagatik. Eta ebazpenaren berri eman dute jada hainbat hedabidek: epaileak frogatutzat jo du poliziek indarkeria "ez beharrezkoa" eta "neurrigabea" erabili zutela gaztearen kontra, atxikitzean gehiegizko presioa eginez besteak beste, eta agenteak kondenatu ditu.

Hala ere, epaileak aipatzen du euren "eginbeharra betetzen" ari zirela agenteak, eta zigorra murriztu die: 1.800 euroko isun bat eta kalte-ordainak ezarri dizkio bakoitzari, baina saihestu egin du haiek inhabilitatzea, eta euren postuan jarraituko dute.

2023ko irailean eraso zioten bi udaltzainek Aimar izeneko gazteari, patinete elektrikoan zihoala zebrabide bat igaro zuela aitzakiatzat hartuta. Zortzi minutuz jarraitu zioten motoan, eta harrapatu zutenean bere gainera bota ziren, bera geldirik egon arren. Lurrera bota zuten, ukabilkadak eta ostikadak eman zizkioten, eta sudurreko hezurra hautsi zioten.

Biktimak aukera dauka EAEko Justizia Auzitegi Nagusira jotzeko eta helegite bat aurkezteko. Bere aurkako zenbait neurri izan dira aurrez: isun administratibo bat jarri zioten, agenteengandik ihes egitea eta zebrabidea zeharkatzea leporatuta.