Salaketa bat jarri du EAEko Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendari Alberto Alonsok, Falangeak egindako mehatxuengatik. Izan ere, talde faxistaren kontrako espediente bat ireki eta urte erdira, aurreko astean hain zuzen ere, falangisten mezu bat jaso zuen institutuak e-mail bidez: "Jomugan zaituztegu", dio. Antza denez, udal-hauteskundeetarako hautagai baten izen-abizenekin helarazi zuten mezua.
Memoriaren Institutuak aurten ireki du espediente bat Falangearen aurka, iazko Urriaren 12an, Hispanitatearen Eguna deiturikoan hain zuzen ere, Gasteizen egindako kontzentrazioagatik. Egun horretan, dozenaka falangista bertaratu ziren Arabako hiriburura, aldarri faxistak egiteko.
EITBk jaso duenez, Gogorak Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea urratzea leporatu zion Falangeari, 1936ko kolpe faxistaren aldeko eta faxismoaren biktimen aurkako oihuak egin zituztela argudiatuta. Bada, talde faxistaren kontra esku hartu ondoren jaso du mehatxua institutuak.