Gaur egun, Israelgo Estatuak 11.100 palestinar baino gehiago ditu bahiturik bere presondegietan. Azken bi hamarkada eta erdiko maximo historikoa da hori, Palestinian Prisoner's Society erakundeak argitaratutako datuen arabera. Preso dauden pertsona horien artean, gutxienez 400 adingabe daude, eta atxilotu horien guztien zati handi bati, gainera, ez diote aurrez epaiketarik ere egin. "Atxiloketa administratiboa" deituriko erregimenean espetxeratu dituzte; giza-eskubideen aldeko erakundeek behin eta berriz kritikatu duten praktika bat.
Hazkunde horren ondorioz, egungo preso kopurua duela 25 urtetik izandako altuena da kartzela sionistetan, eta Palestinako herriaren aurkako politika errepresiboen gorakada eta iraunkortasuna islatzen ditu. Addameer bezalako erakundeek salatu dutenez, Israelgo Estatuak atxiloketa administratiboa erabiltzen du akusazio formalik ez duten eta legez defendatzeko aukerarik ez duten pertsonak kartzelan edukitzeko, eta egoera hori bahiketa bat da de facto.
Nazioarteko eta giza-eskubideen aldeko iturriek espetxe sionistetan ezartzen dituzten muturreko baldintzak ere dokumentatu dituzte: torturak, bortxaketak, medikuen utzikeria, gosea, luzaroko isolamendua eta hilketak, besteak beste. Errealitate horiek, atxiloketa arbitrarioen hedapenarekin batera, Palestinako askapen nazionalaren aldeko mugimenduaren protesten eta erreklamazioen foku dira.