ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Naiz-i utzitakoa
2024/03/25 10:13

Ia bi hilabete igaro dira Ertzaintzak Astigarragan (Gipuzkoa) bortizki esku hartu zuenetik eta, ondorioz, lagun bat hil zenetik. Pertsona horrek pairatutako agerraldi psikotiko baten aurrean indarkeriaz erantzun zuen Poliziak: erizain bati eta gerora bikotekideari hurbiltzea ukatu ostean, bakarrik geratu ziren agerraldia zela-eta izuak hartuta zegoen pertsonarekin, eta biolentzia ikaragarriz jo zuten bere kontra. 40 minuturen ostean, hilik zegoen Astigarragako bizilaguna; Eneko Valdés.

Enekoren gertukoek gorpuari ateratako argazkiek eta autopsiak askotariko lesioak erakusten dituzte: hautsitako saihetsak, urradurak, kolpeen ondoriozko orbanak, borra-kolpeak, taser pistolarekin egindakoak diruditen markak... Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak sinetsarazi nahi du pertsona horrek "bere buruari" egin zizkiola lesio horiek guztiak.

Berriki argitaratu du ohar bat, otsailaren 2an Astigarragan gertatutakoari buruz. Esan du Enekok "bere buruari egin" zizkiola gorpuak erakusten zituen lesioak, nahiz eta lesio motak eta horien irudiek gezurtatu egiten duten aukera hori. Esaterako, kopetan borra-kolpeak diruditenak zituen hildako pertsonak, bai eta hiru saihets apurtuta ere.

Bere bikotekideak azaldu duenez, Ertzaintza Astigarragara bertaratu eta bortizki sartu zenetik, zauri bakarra zuen Enekok: urradura bat gerri aldean. Ertzaintzak esku hartu ondoren, askotariko urradurak, ekimosia, infiltratu hemorragikoak eta abar zituen. Ebidentzia nabarmena izan arren, Segurtasun Sailak jarraitzen du mantentzen Enekori hankak eta oinak immobilizatu besterik ez zuela egin Ertzaintzak.

BIZKOR indarren parte-hartzea ere ukatuta

Otsailaren 2ko arratsaldean, Eneko ikarak hartuta zegoenean, udaltzainak bertaratu ziren lehenengo. Lau ertzain joan ziren gero, Hernaniko (Gipuzkoa) komisariakoak ustez, eta puntu horretara arte baino ez du hitz egiten Segurtasun Sailaren oharrak. Baina jakina da gerora polizia gehiago joan zirela: Naiz-ek aipatutako lekukoen esanetan, hamabi eta hamabost polizia artean izan ziren bertan.

Jaurlaritzatik esan dute BIZKOR unitateak ez zuela parte hartu. Enekoren gorpuak, baina, taser pistolarenak diruditen markak ditu (BIZKOR indarrek baino ez dituzte arma horiek, teorian). Naiz-ek jakinarazi du, gainera, BIZKOR unitatearen ibilgailu bat zegoela Astigarragara bertaratutako autoen artean. Mercedes Vito Tourer furgonetak erabiltzen dituzte aipatutako indarrek, eta hiru agente joan ohi dira bakoitzean.

Lekukoek ere azaldu dute bertan zirela BIZKOR indarrak. Enekoren bikotekideak jakinarazi du, adibidez, BIZKOR agente bat zela eraso egin ziona: ez zion Enekorengana gerturatzen utzi, bultza egin zion, eta "Ni autoritatea naiz" esan zion.

Aurretik izandako beste hainbat kasuri erreparatuta, badira agerraldi psikotikoen aurka BIZKOR unitateek esku hartu duten beste hainbat kasu EAEn: duela urtebete Donostiako (Gipuzkoa) Infernuan, joan den urtarrilean Barakaldon (Bizkaia), eta abar.

NO HAY COMENTARIOS