Astelehen goizean aurkeztu zuten Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Ertzaintzako gehiengo sindikalak (ERNE, ESAN eta SIPE) zehaztutako akordioaren behin betiko testua, Erandioko (Bizkaia) komisarian, 125 Mahaia deituriko negoziazio-foroan. Neurri-sortak aurrera egingo balu, 2028ra bitartean egongo litzateke indarrean, eta 160 milioi euroko gastu gehigarri bat ekarriko luke datozen urteetarako. Inbertsio hori, nagusiki, ertzainen soldata-igoeran islatuko litzateke: gutxienez 4.200 euro gehiago irabaziko dituzte urtean (+%10), hainbat osagarriren bidez.
Akordio berria betetzean, Ertzaintza izango da "ondoen ordaindutako" eta "eskubide gehien" dituen polizia-indarra Espainiako Estatuan, polizia-sindikatuen hitzetan. Aipatutako soldata-igoera minimoaz gain, bestelako plus batzuk ere aurreikusi dituzte Ertzaintzako polizientzat, hala nola gaueko eta jaiegunetako lanaldiei lotutakoak, edo Bilbo (Bizkaia) bezalako hiri handietan jardungo duten agenteei ordainduko dizkietenak.
Sindikatuek egindako kalkuluen arabera, baldintza horiek betetzen dituen ertzain batek 6.100 euro gehiago irabaziko ditu urtean, eta igoera are handiagoa izango da antzinatasuna kontuan hartuz gero. Adibide modura aipatu dutenez, Bilbon arituko den ertzain hasiberri batek urtean 50.000 euro inguru irabaziko ditu, bestelako plus batzuk aplikatu gabe. ERNE, ESAN eta SIPEk xehatu dutenez, posible da udaltzaingo batzuetako soldata-oinarria altuagoa izatea, baina ertzain gehienek kobratuko dituzten osagarriak aintzat hartuta, Ertzaintza izango da, azkenerako, ordainsaririk altuenak edukiko dituen polizia-indarra.
Orain, gehiengo sindikaleko afiliatuek onartu beharko dute hitzarmena. Badirudi Euspelek akordioa errefusatzen jarraitzen duela, baina adostutako neurriekin aurrera egiteko asmoz jarraitzen du Jaurlaritzak: hamarkada batez baino gehiagoz luzatu den gatazka bukatutzat eman nahi du. Hain zuzen ere, gatazka konpontzea izan zen Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak bere agintaldirako markatutako helburuetako bat, eta badirudi ertzainen soldatak eta eskubideak areagotzearen bidez egingo duela.