ACTUALIDAD / Represión
Eraso polizial bat salatu dute sanferminetan
Atzo arratsaldean, Iruñeko peñen irteeran oldartu zen Espainiako Polizia, borrak eta piper-gasa erabiliz. Gaur goizean, gazte txantrear bat atxilotu dute horren harira. Errepresio poliziala salatzeko protesta bat izango da bihar arratsaldean.
2026eko uztailaren 12 - 19:35
Eraso polizial bat salatu dute sanferminetan

Eraso polizial baten berri eman dute Iruñeko San Fermin festetan. Txantreako Haustura Gazte Langileen Asanbladak, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Peña Armonia Txantreanak azaldu dituzte gertakariak: atzo arratsaldean, peñen irteeran, auzoko gazte baten kontra jo zuen kalez jantzitako polizia-agente batek. Horri lotuta, Espainiako Poliziako hainbat furgoneta bertaratu ziren, eta inguruan zeuden pertsonen aurka oldartu ziren agenteak. Borrak eta piper-gasa erabili zituzten, eta dozenaka lagun zauritu zituzten. Zaurituen irudiak zabaldu dituzte aipatutako hiru kolektiboek.

Hori gutxi balitz, gaur goizean, Poliziak berriz jo du atzo erasotutako lehenengo gazte txantrearraren aurka: atxilotu egin du. Arratsaldera arte izan dute gatibu, Hausturak, GKSk eta Peña Armonia Txantreanak jakinarazi dutenez. Errepresio poliziala salatzeko eta erasoen aurrean klase-elkartasuna aldarrikatzeko, mobilizazio-deialdi bat egin dute biharko: 16:00etan elkarretaratuko dira Txantreako peña horretan.

"Atzoko gertaera ez da kontu isolatua, sanferminetan zehar ikusi dugu nola bortizkeria areagotzen ari den", seinalatu dute hiru taldeek. Gogorarazi dute, esaterako, "eraso homofoboak, matxistak eta bortxaketa bat" izan direla jaietan eta "aldarri espainolistak" eta horiek sortutako gatazkak ikusi direla etengabe; eta salatu dute, gainera, "inpunitate poliziala inoiz baino handiagoa" dela eta gazteria langilea jopuntuan duela Poliziak, atzoko gertakariekin ikusi den modura. Errepresio poliziala gaitzetsi dute beraz, klase-elkartasuna antolatzera deituz.