ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/09 13:57

Azken bost urteetan, enpresen irabazien abaguneak gora egin du Espainiako Estatuan. Zehazki, %63,8 egin dute gora konpainien etekin ekonomikoek, beharginen soldatak igo direna baino nabarmen gehiago. Soldaten igoera %29,8koa izan da 2018tik hona, CCOO sindikatuak emandako datuen arabera. Enpresen marjinak, baina, maximoetan daude, eta errentagarritasunak areagotzen jarraitzen du: salmentekiko Balio Gehigarri Gordina (VAB, gaztelerazko sigletan) %25,4 handitu da.

Energiaren sektorea ez da, beraz, irabazi-marjinak handitu dituen bakarra izan, nahiz eta azken urteetan horixe izan den nabarmenena. Higiezinen agentziek, ostalaritzak eta merkataritzak ere igoera handiak izan dituzte azken urtean, errentabilitateari dagokionez: %33, %20 eta %6-12 artean igo dira, hurrenez hurren. Energia sektoreak, iaztik, %22 hobetu ditu emaitzak.

Irabazi-marjinen handitzea, gainera, biziagotu egiten da enpresa handien kasuan. Hala, enpresarik handienen %20k pilatzen dute balio gehigarriaren %91, eta eurena da marjina enpresarialen guztizkoaren %98. Korporazio handi horiei, beraz, inflazioak biziki egiten die mesede: prezioak igo dituzte, baina ez energiaren edo beste lehengai batzuen kostuaren igoerari aurre egiteko bakarrik, baizik eta baita euren etekina handitzeko ere.

CCOOren hitzetan, "salmenten eta erosketen arteko banaketak enpresen marjinen igoera sortu du, kontsumitzaileen kontura". Langileen soldatak, ordea, polarizatzen ari dira: ezarritako gutxieneko soldata (1.134 euroko ordainsari gordina hilean) jasotzen duten langileen kopurua hazi egin da, eta, berriz, 2.850 euro gordin edo gehiago jasotzen dituzten beharginen kopurua jaitsi egin da Espainiako Estatuan.

NO HAY COMENTARIOS