Ikerketapean daude bederatzi erreserbista sionista, preso palestinar bati egindako torturengatik. Berriki atxilotu ditu Israelgo Estatuko Polizia Militarrak, eta auzitegi militar batean deklaratu zuten atzo, Camp Gurren (Beit Lid). Badirudi, berez, hamar soldadurentzako atxilotze-aginduak igorri zituztela, baina bederatzi atxiki dituzte oraingoz.
Atxilotutako militarrek Sde Teimango espetxean preso dagoen palestinar bat torturatu zuten, gutxienez. Zenbait iturrik azaldu dutenez, metalezko barrak sartu zizkioten ipurtestetik, besteak beste.
Kolono sionisten protestak, torturatzaileen alde
Aipatutako bederatzi torturatzaileen atxiloketen kontra, hitza hartu dute hainbat agintari sionistak (parlamentuan ere normaltasun osoz jardun dute palestinarren aurkako tratu txarrei buruz), eta kalera atera dira ehunka kolono. Hainbat eta hainbat manifestari, esaterako, Sde Teimango kartzelara bertaratu dira aste honetan: sarrerako hesiak kolpatu eta indarrez sartu ziren barrura, atxilotuekin elkartasunez.
Horren ostean, Beit Lideko auzitegi militarrera joan ziren ehunka faxista, eta hara ere oldarka sartu ziren. Armak eta uniforme militarrak zeramatzaten batzuek; izan ere, soldaduak zeuden manifestarien artean. Israelgo Estatuko polizia-indarrek aurrera egitea galarazi zieten, itxura denez.
Kolono sionista nahiz agintari ugarik babesten dituzte palestinarren kontrako torturak, eta asko dira heriotza-zigorraren alde agertu direnak ere. Horren adibide dira Israelgo Estatuko Finantza ministroa, Bezalel Smotrich, edota Segurtasun Nazionaleko ministroa, Itamar Ben Gvir. Orain, badirudi are inpunitate eta babes handiagoa eskatzen ari direla, palestinarrak torturatzen jarraitu ahal izateko.
Torturak, sionisten eguneroko erasoaldiaren parte
Hamaika aldiz jakinarazi eta frogatu dute sistematikoak direla soldadu eta bestelako kartzelazain sionistek preso palestinarrei egindako torturak, eta Sde Teiman da tratu txarrak direla-eta gorriz markatutako presondegi nagusietako bat. Néguevko desertuan dago, Gazako Zerrendatik 30 kilometro ingurura.
Azken hilabeteetan (eta aurretik urte luzez) behin eta berriz atera dira argitara torturak jasan dituzten milaka palestinarren lekukotzak, bai eta horiek erakusten dituzten irudiak ere; sarri, militar sionistek eurek argitaratutakoak.
Hilabete honen hasieran ohartarazi dute gutxienez 21.000 palestinar daudela preso espetxe sionistetan, eta pilatuta daudela presondegiak. Espetxe-Zerbitzu sionistak ulertzera eman du, gainera, kartzelak handituko dituztela, plaza gehiago izateko.