Leire Diezen auziari buruzko ikerketaren barruan, EAJ ere jomugan jarri dute: Tubos Reunidosek COVID-19aren garaian erreskate publiko bat jaso zezan, jeltzaleek bitartekaritza-lanak egin zituztela iradoki du Guardia Zibileko UCO unitateak, eta modu ustelean izan zela hori. UCOren arabera, Andoni Ortuzarrek interesa erakutsi zuen garai hartan, Tubos Reunidosentzako dirulaguntzak zirela-eta, eta alderdiak nolabait esku hartu omen zuen, Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietatearen (SEPI) aldetik dirua jaso zezan. 112,8 milioi euro eman zizkioten azkenean, antza denez.
Bada, EAJk aitortu du Espainiako Gobernuarekin bilerak izan zituela Aiaraldeko enpresari buruz hitz egiteko, "bai maila publikoan bai pribatuan", baina defendatu du horrek ez duela loturarik ikerketapean dauden ustelkeria kasuekin. Are gehiago, EAEn "estrategikoak" diren enpresen alde egindako lanarekin lotu du interbentzio hori. Horiek horrela, esan du ez dela bere erantzukizuna "hirugarren pertsona batzuk" momentu horretan "paraleloki" egiten ari zirena, Leire Diazi eta abarri erreferentzia eginez. Maribel Vaquero jeltzaleak gaineratu du "oso lasai" daudela.