World Surf League txapelketak (WSL) bertan behera utzi behar izan du asteburu honetan Zurriolako hondartzan (Donostia, Gipuzkoa) jokatzekoa zen Junior Pro nazioarteko proba, Waxdayz jaialdiaren barruan, Israelgo Estatuko lau surflariren parte-hartzeagatik. Antolatzaileek baieztatu dutenez, formalki eskatu zioten WSLri kirolari israeldarrek lehiaketan parte har ez zezatela. Eskaera hori "betetzea ezinezkoa" dela esanez, txapelketa ez egitea erabaki du WSLk.
Presio gero eta handiagoaren ondorioz hartu du erabakia. Izan ere, Groseko Surf Indarra taldeak jakinarazi zuen ez zuela proban parte hartuko surflari israeldarren presentzia zela-eta, eta Palestinarekin Elkartasuna plataformak mobilizazio bat antolatu du bihar arratsalderako, 18:00etan Saguesen, Israelgo Estatuaren konplizeak seinalatzeko.
Palestinarekin Elkartasunak adierazi du txapelketa bertan behera geratu izana hainbat eragilek horretarako egindako presio publikoaren ondorioz etorri dela, eta, "kirol zein kultur arloetan ere, Palestinarekiko elkartasunez eta genozidioaren aurpegi garbiketaren kontra presioa egiten jarraitzera" deitu du.
Donostiako surf lehiaketa ofiziala bertan behera geratu den arren, Waxdayz jaialdiak egitarauarekin jarraituko du, beste jarduera batzuk barne, baina ez da estatu sionistako surflaririk izango.
Dena den, Donostiako BDZ plataformak kritikatu du WSLk esan izana "segurtasun-arrazoiengatik" ezeztatu duela lehiaketa, salatuz protesta kriminalizatzen saiatu dela, "Palestinako genozidioaren aurrean jarrera argia hartu beharrean". Berretsi du, hala, hainbat kolektibok eta lekuko surflariek egindako eskaera bakarra izan dela Israelgo Estatuko surflariak baztertzea, ez lehiaketa osoa bertan behera geratzea. Palestinarekin Elkartasunak biharko deitutako mobilizazioan parte hartzera deitu du BDZk.