Badirudi Desokupa enpresa faxista ofizialki arituko dela elkarlanean Espainiako Estatuko polizia-indarrekin, formakuntza-ikastaro baten bidez. Antza, atzo bertan sinatu zuten lankidetza-akordio bat desokupazio-enpresak eta Polizia-Defentsa Pertsonaleko Instruktoreen Elkarteak (PSDI, gaztelerazko sigletan), besoz beso martxan jarriko duten formakuntza berri bat ofizialtzeko. Teorian, "defentsa pertsonala" lantzeko ikastaro bat eskainiko die agenteei Desokupak.
PSDIko presidente Vicente Joaquín Domingo Riañoren esanetan, elkarteak berak egingo du desokupek emango duten formakuntzaren "berrikuspena". Gero, gainera, poliziei hark emango die ikastaroa egin izana frogatzen duen ziurtagiria. Izan ere, prestakuntza hori Poliziaren barruan puntuagarria izan dadila bilatzen dute, agenteek euren karguetan gora egiteko balio dezan: espedientean kontuan har dezatela nahi dute.
Dena den, badirudi Espainiako Gobernuak zalantzan jarri duela benetan puntuagarria izango ote den kanpo-formakuntza hori. Hilabetearen hasieran, behintzat, Barne Ministerioak kuestionatu egin zuen hainbat polizia-erakundek Desokuparekin martxan jarritako formakuntza-akordioen balioa.
Prestakuntza 30.000 agenteri
Abuztuaren hasieran eman zuten Poliziaren eta Desokuparen elkarlan ofizialaren berri. Orduan, Poliziaren Sindikatu Bateratuak (SUP, gaztelerazko sigletan) eta Desokupa Kluba deiturikoak jakinarazi zuten zer asmo zuten: Polizia desokupen eskutik trebatzea "defentsa pertsonalaren" alorrean. Esan zuten Espainiako Estatuko milaka agentek jasoko zutela prestakuntza, eta 30.000raino izan zitezkeela ikasleak.
Faxisten enpresak orduan azaldu zuenez, zehazki, "defentsa pertsonala" lantzeko formakuntzaz arduratzen da Desokupa Kluba. Daniel Esteve da proiektu horren burua ere, eta zehaztu zuen "zibilei" nahiz poliziei eskainiko dietela prestakuntza.
Aurrerantzean Poliziari eskainiko dioten formakuntza masiboa izango dela zioen Estevek hilabetearen hasieran: aldi berean 500 agente formatuko omen dituzte, ia hogei prestatzailerekin.