ACTUALIDAD / Palestina
BDZk eskatu du talde israeldarrek ez dezatela parte hartu Irunen lehiatuko den OCRko Europako Txapelketan
Bihartik igandera bitarte egingo dituzte probak. Plataformak bi eskaera egin ditu: debeka dezatela talde israeldarraren parte-hartzea, eta instituzioek bertan behera utz ditzatela txapelketari emandako diru-laguntzak.
2026eko maiatzaren 27 - 12:25
BDZk eskatu du talde israeldarrek ez dezatela parte hartu Irunen lehiatuko den OCRko Europako Txapelketan
— ARGAZKIA mundodeportivo.com

BDZ Euskal Herriak salatu du OCR oztopo-lasterketen Europako Txapelketan talde israeldarrak parte hartuko duela. Izan ere, Irunen (Gipuzkoa) egingo dituzte txapelketako probak ostegunetik hasita eta igandera arte; eta kirolariak hainbat adin-tarte eta mailatan lehiatuko dira.


Plataformak adierazi du "Israelek finantzatzen dituen ekitaldien aurkako" boikota egingo duela, "pertsona jakin batzuen aurkako" boikota baino, eta OCRko Europako Federazioari galdegin diote ukatu dezala talde israeldarrek parte hartzea. Iaz ere, Donostiako (Gipuzkoa) Surf Basque Country nazioarteko probari eta World Surf League erakundeari kirolari israeldarrek ez parte hatzea eskatu zien BDZk. Kasu hartan, Palestinaren aldeko hainbat talderen jardunagatik, bertan behera gelditu behar izan zuten Junior Pro gazteen proba, eta surflari israeldarrek uko egin zioten parte hartzeari.


Era berean, plataformak salatu du bai Irungo Udalak (PSE-EE), bai Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu dutela OCRko Europako Txapelketa, eta eskatu du bertan behera utz ditzala diru-laguntzok. Izan ere, genozidioa ez dela eten ekarri dute gogora: "Israelek milaka eta milaka palestinar erail ditu, eta horretaz gain, Loiuko aireportuan elkartasun ontzidietako kideek jasandako errepresioa salatu nahi dugu".