ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/07/07 10:06

Espainiako Estatuko polizia-indarrek urte honetan jarriko dute martxan aurpegi-miaketarako sistema automatiko berri bat; edo hori da asmoa behintzat, Polizia Zientifikoko komisario Pedro Luis Melidak aste honetan azaldu duenez. Sistema berria udazkenean ezarri ahal izateko, dena den, beharrezkoak izango diren "legezko onespenak" eskatu ditu.

Melidaren arabera, polizia-indarrek froga ugari egin dituzte jada teknologia biometriko berriarekin, eta "emaitzak oso onak" izan direla dio. "Erabil dezakegun arma berri bat da", nabarmendu du. "Aurpegia identifikatzeko sistemak geratzeko etorri dira. Potentzial handia dute, Adimen Artifizialarekin lotutako guztiak bezala. Beraz, nire ustez, polizia-arma berri batez ari gara", gaineratu du.

Polizia Zientifikoko komisario nagusiak gogorarazi du Alemania izan zela lehenengoa aurpegi-miaketarako sistema bat martxan jartzen, 2008an. Frantziako Estatuan 2013tik daude erabilgarri teknologia horiek. European Digital Rightsen arabera, Europar Batasuneko gutxienez hamabost estatutan frogatu dituzte sistema biometrikoak; esaterako, espazio publikoetan aurpegi-miaketak egiteko sistemak.

DATU BILKETA MASIBOA EUROPAN

Europar Batasuna, bestalde, datu-base erraldoi bat ari da prestatzen. 2022tik aurrera, Europar Batasunetik kanpoko 400 milioi pertsonaren aurpegien irudiak eta hatz-markak jasoko dituzte sistema horretan. Helburua da, azaldu dutenez, "Schengen eremuan sarrerak eta irteerak kontrolatzea".

SARE SOZIALAK ETA KAMERAK

Aste honetan egindako adierazpenetan, Melidak esan du, gainera, sare sozialen bidez zabaltzen diren irudiak erabiltzen dituztela datu-base modura. "Bilatzen ari diren pertsonen" argazkiekin alderatzen omen dituzte sare sozialetan argitaratzen diren irudiak. Hala ere, Polizia Zientifikoko komisarioaren esanetan, alor horretan polizia-agenteek erabiltzen dituzten irudi gehienak bideo-zaintza kamerek jasotakoak dira.

Iaz atera zen argitara, bestalde, aurpegi-miaketarako eta masen kontrolerako sistema berri bat ari direla garatzen Espainiako Estatuan, Ai-Mars izenpean.

NO HAY COMENTARIOS