Anderren senideek auzitegietara joko dute, gaztea zendu eta egun gutxira jakin denez. Santurtziko (Bizkaia) udaltzainen esku-hartze polizial baten ondorioz galdu du bizia mutilak: aurreko astean, brote psikotiko bat izan zuenean, bortizki interbenitu zuten udaltzainek, eta taser-pistola bat eta borrak erabiliz jipoitu zuten. Gero, gainera, bi orduz egon behar izan zuen anbulantziaren esperoan. Koman sartu zen Ander, eta asteazkenean hil zen.
EITBk jaso duenez, gaztearen familiak atxiloketarekin lotu du heriotza, eta salatu du hori "saihestu zitekeela". Gurutzetako Ospitaletik (Barakaldo, Bizkaia) helarazi duten txostenak dio "bero-kolpe" baten eraginez hil zela Ander, baina senideek argi seinalatu dute hori ez litzatekeela gertatuko Poliziaren esku-hartzerik eta atxiloketarik izan ez balitz. Ordubetez baino gehiagoz eduki zuten eguzkiaren azpian atxikirik, 40 graduko tenperaturak zirenean.
Joan den larunbatean, mobilizazio jendetsu bat izan zen Santurtzin, Poliziaren indarkeriaren eta inpunitatearen aurka: ehunka pertsonak eskatu zuten justizia Anderrentzat.