AKTUALITATEA / Politika instituzionala
Ustelkeriaren izaera "orokorra" gezurtatu nahi izan du Sanchezek
Pedro Sanchezek gaur egin du agerraldi bat PSOEri lotutako ustelkeria kasuei buruz, eta Abalos, Cerdan eta Diez seinalatu arren, Zapatero defendatu du eta "pertsona konkretuekin" lotu du ustelkeria. Ez du hauteskundeetara deituko.
2026eko ekainaren 24 - 08:04
Ustelkeriaren izaera "orokorra" gezurtatu nahi izan du Sanchezek
— ARGAZKIA La Moncloa

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek goizeko 09:00etan egin du agerraldi bat Diputatuen Kongresuan, PSOEri lotuta argitara atera diren azken ustelkeria kasuak direla-eta. Bada, nahiz eta nabarmenenak izan litezkeen kasuak aitortu dituen, erantzukizuna mailarik indibidualenera mugatu du eta ustelkeriaren izaera estruktural eta "orokorrari" buruzko ulerkera baztertu du: "Ustelkeria orokorra dagoelako sentsazio bat sortu nahian ari dira".

Herritarren "frustrazioaren eta etsipenaren" aurrean, politikari profesional guztiak "berdinak" direlako ideia gezurtatu nahi izan du Sanchezek, eta defendatu du ez zeukala PSOEren barruko ustelkeriaren berri eta ez lukeela "sekula" halakorik baimenduko. Dagoeneko ebatzita edo erdi-ebatzita dauden kasuen inguruan, PSOEren Idazkaritza Orokorra tartean dagoen horiei buruz hain zuzen ere (Jose Luis Abalos, Santos Cerdan eta Leire Diazi lotutakoak batik bat), aski irmo hitz egin du presidenteak, ustelkeria onartuz: "Degradazioa gertatu zen jada, orain ikusiko dugu horren purga. Ordain dezatela nahi dugu". Are gehiago: esan du ezin dela "inpunitaterik" egon eta Abalosen kondena "errespetatzen eta ontzat ematen" duela.

Hala ere, ustelkeria "pertsona konkretuekin" lotu eta erantzukizuna hartzea ekidin du Sanchezek, eta lawfare delakoaren ideiari zeharka eutsiz, salatu du "albisteak zurrumurruekin eta buloekin nahasten" ari direla. Horrez gain, Jose Luis Rodriguez Zapateroren defentsan hitz egin du berriz, berekiko "konfiantza" berretsiz eta Zapateroren aurkako akusazioen atzean bere jarrera politikoa dagoela iradokiz: "Feminismoa aldarrikatu zuen presidentea da, Iraken legez kanpoko gerra batetik atera gintuen, eta Euskal Herriko indarkeriarekin amaitu zuen. Eta horrek bat baino gehiago gogaitzen du". Plus Ultraren inguruko ikerketan inputatu dute Zapatero, eta Sanchezek gaur adierazi du gobernuak ez ziola enpresa horri modu irregularrean mesede egin: "Konpainia guztiekin egin genuen COVID garaian zehar, eta berme guztiekin".

Bere senideen defentsan ere aritu da Sanchez, esanez bere emazte Begoña Gomezen eta bere anai David Sanchezen aurkako akusazioak "oinarririk gabeak" direla. Gomezi gaur bertan kenduko diote pasaportea, Juan Carlos Peinado epailearen aginduz.

"Nire herrialdeko Justizian konfiantza dut", gaineratu du presidenteak, eta baieztatu du ez duela hauteskundeetara deituko, batez ere PPk hala eskatu duen arren. "Gobernu hau mozio-zentsura baten bidez bota beharko genuke gaur bertan", azaldu du Alberto Nuñez Feijook. Bada, Sanchezek jakinarazi du legegintzaldiarekin jarraituko duela PSOEk: "Galdera ez da ea jarraitu behar dugun, baizik eta ea nola ez dugun jarraituko".