Atzo, Iruñeko Udaletxe Plazan egin zuten agerraldi bat 30 bat kolektibok, trans pertsonen aurkako jazarpena salatzeko eta horri lotutako manifestu bat aurkezteko. Zehazki, "beren burua feministatzat duten sektoreek trans kolektiboarekiko gorroto-diskurtsoak zabaldu izana" gaitzetsi zuten, eta horren adibidetzat jo zuten Iruñeko kaleetan Gizonak ezin dira lesbianak izan leloa zeramaten kartel batzuk jarri izana edo, "kromosomei erreferentzia eginez", XX dioten margoketa batzuk agertu izana. "Gorrotozko diskurtsoek eta haien jarrera politikoek indarkeria instituzional, zuzen eta politikoaren legitimazioa dakarte, eta indarkeria horrek araua betetzen ez duten pertsonen bizitza mehatxatzen du", adierazi zuten.
Iruñean bertan, Garenak elkartea seinalatu zuten batik bat: "Urtero, ekainaren 20an, Trans Legearen aurkako elkarretaratzea antolatzen dute. Aurten, COMFINek, Nafarroa osoko Emakume Elkarteen Federazioak, babestu ditu. Gainera, erakunde honek, Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin hitzarmen ekonomiko bat du". Dena den, ohartarazi zuten "antitrans diskurtsoen gorakada hau ezin dela modu isolatuan ulertu" eta "olatu erreakzionario global baten parte dela". Horren aurka, defendatu zuten "trans pertsonen existentzia ez dela eztabaidagarria": "Ez dago diskurtso klasista, supremazista eta kontserbadoreak dituzten mugimenduek ezarritako irizpidearen mende, pertsona transak zaurgarritasun, gizarte-bazterketa eta prekaritate egoeretara kondenatzen baitituzte diskurtso hoiekin".
"Diskurtso tranpatien" atzean "borroken isolamendua, sexuaren esentzializazioa eta eredu ziseteronormatibo kapitalistarekin bat ez datozen pertsonen jazarpena" daudela iritzi diote atzo agerraldian batu ziren kolektiboek, eta dei egin zuten "inor atzean utziko ez duen erantzun transfeminista, antifaxista eta antolatu baten alde" egitera.