Zaintzako eta garbiketako langileok borrokara! lelopean, Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak mobilizazioak prestatu ditu larunbat honetarako, otsailaren 25erako. Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa) eta Iruñean (Nafarroa) izango dira manifestazioak, 13:00etan hasita. Soldatapeko zaintza eta garbiketa lanetan aritzen diren langileen egoera bereziki larria salatu eta lehen lerrora eraman nahi du Itaiak mobilizazioen bidez, bai eta "lan eta bizi baldintzen pobretze" orokorraren aurrean protesta egin ere.
Itaiak azken asteetan seinalatu duenez, soldatapeko zaintzako eta garbiketako enpresen irabaziak "izugarri handitzen" ari dira "emakume langileon muturreko esplotazioaren kontura". Zaintzako eta garbiketako emakume beharginek, batez beste, 900 euroko soldatak dituztela ohartarazi du, bai eta "gehiegizko ratioak, onartu gabeko funtzioen ardura eta ordaindu gabeko lanorduak" eguneroko ogia direla ere. Bitartean, goraka doaz enpresen etekinak. Adibidez, Garbialdi eta Ilunion garbiketa enpresek 115.000.000 eta 130.000.000 euro irabazten dituzte urtean hurrenez hurren, eta Nafarroako egoitzetako zerbitzuaz arduratzen den enpresak, berriz, 100.000.000. Gesca Bizkaiko enpresen patronalak, esaterako, 130.000.000 euroko irabaziak ditu urtean.
Itaiak azpimarratu du, gainera, sektore horien pribatizazio-prozesua ere indartu egiten dela krisi kapitalista garaian. Horrek bi ondorio zuzen dituela uste du: "langileon baldintzak okertzea" eta "zerbitzuen kalitatea okertzea".
Egoera horretan, ordea, "enpresariek eta agintariek berdintasun faltsu bat saltzen" dutela salatu du Itaiak. "Aurpegi zuriketarako" erabiltzen dituzte "emakumeok lan munduan sartzeko politikak", baina, horien atzean, "lan-baldintza txarrak" eta "etekin ekonomikoak handitzeko" interes eta mugimenduak ezkutatzen direla nabarmendu dute Itaiako kideek.
Itaiak joan den urtarrilean egin zuen agerraldi bat, soldatapeko zaintza eta garbiketa lanei lotutako hainbat aldarri zehatz egiteko eta aurkezteko.