Israelgo Estatu terroristarekin harremanak etetera deitzeko, kanpaina bat dauka martxan Palestinarekin Elkartasuna plataformak. "Euskal Herriko agintari, enpresari eta bestelako agenteek Israelekin dituzten harremanak agerian uztea" da helburua, baita lotura horiek mozteko borroka egitea ere. Horri lotuta, hainbat mobilizazio izan dira jadanik, eta deialdi gehiago egin ditu plataformak datozen egunetarako.
Ostegun honetarako, urtarrilaren 30erako, Donostian (Gipuzkoa) antolatu du protesta bat. Sionistekin harreman militarrak eten daitezela exijituko dute bertan, azpimarra eginez Realeko presidente Jokin Aperribayk arma-industriarekin duen loturari. Ferrerias Plazan izango da elkarretaratzea, 19:30ean.
Aperribay debarra da SAPA Palencia arma-enpresako zuzendaria. Egoitza nagusia Andoainen (Gipuzkoa) duen konpainia horrek defentsa antiaereorako sistemak, misilak eta arma arinak ekoizten ditu, eta harreman zuzena du, adibidez, AEBetako Armadarekin. Armada horrek zuzeneko laguntza ematen die Israelgo Estatuko indar militarrei.
Otsailaren 7an Gasteizera
Palestinarekin Elkartasunak beste mobilizazio deialdi bat ere egin du datorren asterako. Otsailaren 7an, Gasteizen (Araba) jokatuko du Maccabi Tel Aviv taldeak, Baskoniaren kontra. Plataforma lanean ari da partida hori bertan behera gera dadin, sionistek "kirol-munduan daukaten ordezkari nagusia" baita Maccabi, baina oraingoz ez du neurririk hartzeko borondaterik erakutsi Baskoniako zuzendaritzak. Horiek horrela, Israelgo Estatu genozidaren kontra, manifestazio bat antolatu dute egun horretarako: 18:30ean hasiko da, Gasteizko Iparralde gizarte-etxetik.