AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Collectif Palestine Vaincra
2025/02/21 10:06

Toulouseko Palestine Vaincra kolektiboaren desegitea berretsi zuen atzo Frantziako Estatuak, kriminalizazio-kanpaina luze baten ostean. Gobernuak 2022ko otsailean jakinarazi zuen Palestinarekin elkartasunez jarduten duen taldea legez kanpo utziko zuela, garai hartan Barne ministroa zen Gérald Darmaninen ahotik. Itxura denez, Emmanuel Macron presidenteak egin zuen eskakizuna, eta horretarako dekretu bat sinatu zuen martxoaren 9an Ministroen Kontseiluan. Kolektiboak desegite-agindua bertan behera gera zedila eskatu zion Estatu Kontseiluari, eta epaile baten eskutik, behin-behinean gelditu zuten taldearen desegitea. Orain, baina, ilegalizazioaren indargabetze-eskaera atzera bota du Estatu Kontseiluak, Palestine Vaincraren bortxazko desagerpenari bide eginez.

Taldeko kideek gogorarazi dutenez, difamazio-kanpaina gogor bat jasan dute denbora luzez; besteak beste, muturreko eskuin sionistaren partetik eta Frantziako zenbait agintariren partetik, hala nola Toulouseko alkate Jean-Luc Mondenc edo Macron bera. Hala ere, aldarrikatu dute bere garaian posible izan zela kolektiboaren desegitea behin-behinean gelditzea, hamaika mugimenduk eta pertsonak erakutsitako babesari esker, eta adierazi dute ez dutela atzera egingo: "palestinar erresistentziaren aldeko babesa" mantenduko dute, "inoiz baino indar eta irmotasun" handiagoarekin. 2019an ekin zion bere ibilbideari Palestine Vaincrak, Toulousen.

Kolektiboak salatu du erabat politikoa dela taldea legez kanpo uzteko erabakia, eta "aurrekaririk gabeko kolpe" bat dela Frantzian Palestinaren alde aritzen den mugimendu osoarentzat. "Estatuaren errepresioaren erradikalizazioaren testuinguruan, argi dago, eraso honen bidez, gobernuaren eta haren politiken aurka dauden antolakunde eta norbanako guztiak erasoen jomuga direla", seinalatu du, nabarmentzeaz gain azken gertakariek gogorarazten dutela Palestinaren aurkako sarraskiaren konplize dela Frantziako Estatua.

Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak elkartasuna adierazi die Palestine Vaincrako militanteei, eta "militatzeko eskubidearen kontrako eraso larritzat" jo du gertatutakoa. Gaineratu du beharrezkoa dela "palestinar erresistentzia babesteko mobilizatzen" jarraitzea.

EZ DAGO IRUZKINIK