AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Anadolu Ajansi
2025/09/19 20:01

2023ko urriaren 7tik hasi eta 2025eko urrira arteko datuak biltzen ditu Palestinar Errefuxiatuei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziaren (UNRWA) azken txostenak, eta ukaezina den genozidioaren krudeltasuna erakusten du, zenbaki soil batzuk emanda egiten badu ere. Lehenik, Gazako Zerrendako gosete orokortuaren enegarren baieztapenarekin batera, ikus daiteke nola ia bi milioi gazatar, aztertutako populazioaren %100, elikadura-segurtasun maila kritikoan dauden. Gainera, elikadura-krisi hori are larriagoa da funtsezko azpiegituraren ia erabateko suntsipenarekin.

Palestinar herritarren erailketa maila astronomikoetara iritsi da Gazan. Bildutako datu ofizialen arabera, Israelgo Estatuak gutxienez 64.656 palestinar hil eta 163.503 zauritu ditu Zerrendan 2023ko urritik aurrera; hala ere, Nazio Batuen Erakundearen ikerketei jarraikiz, estimazioek diote 680.000 hildako egon litezkeela. Era berean, Zisjordanian ere okerrera egin du egoerak, eta, epe berean, 1.000 palestinar baino gehiago hil dituzte bertan indar armatu sionistek. Horrez gain, Gazako hiri barruko haurren %28,5ek desnutrizioa pairatzen dute, eta horrek 404 pertsonaren heriotza eragin du 2023ko urriko altxamendutik hona.

Palestinarrak odol hotzean erailtzeaz gain, azpiegitura zibila ia erabat deuseztatzeko ahaleginak ere nabarmenak dira Israelgo Estatuaren partetik, gazatarrak oinarrizko zerbitzurik gabe uzteko. Osasun-sistemari dagokionez, Gazako ospitalen %94 kaltetu edo suntsitu ditu erabat, eta erantzun medikoa ezinezko bihurtu du. Halaber, ikastetxeen %97 kaltetu eta %92 guztiz berreraiki beharrean utzi ditu. Oinarrizko azpiegitura horiek suntsitu ez ezik, indar sionistek ez dute inolako zalantzarik izan kazetariak eta osasun-langileak modu indiskriminatuan hiltzeko: 252 kazetari eta 1.581 osasun-langile erail ditu ofizialki, historian aurretik izan den edozein gatazkatako datuak (Bigarren Mundu Gerra barne) gaindituz.

Gazatarren derrigorrezko desplazamendu masiboa da txostenak agerian uzten duen beste errealitate bat. Gaur egun, Gazako Zerrendako lurraldearen %82 baino gehiago desplazamendu-aginduen pean edo eremu militarizatuan dago, biztanleria gero eta txikiagoak eta bizigaitzagoak diren eremuetan pilatuz.

EZ DAGO IRUZKINIK