AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak

Ostiralean mobilizatzeko deialdi bateratu bat egin dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuek

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo dituzte manifestazioak, 19:00etan. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak mantendu egin ditu etxebizitzaren aldeko borroka antolatzeko asanblada herritarrak; manifestazioak baino ordubete lehenago izango dira.
2026eko irailaren 30 - 05:22
Ostiralean mobilizatzeko deialdi bateratu bat egin dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuek

Euskal Herrian etxebizitza-eskubidearen alde jarduten duten Etxebizitza Sindikatuek mobilizazio-deialdi bateratu bat egin du ostiral honetarako, urriaren 2rako: manifestazioak antolatu ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, 19:00etarako. Arriagatik hasiko da Bilboko mobilizazioa, Bulebarretik Donostiakoa, Andre Mari Zuriaren Plazatik Gasteizkoa, eta Gaztelu Plazatik Iruñekoa.

"Espekulazioaren aurka" eta "etxebizitza-eskubide bermatuaren alde" egin dute deialdia, seinalatuz ez dela "nahikoa" Espainiako Gobernuak atzo bertan onartutako dekretua: "Testuak berak ez dakar aurrerapauso nahikorik eta iraunkorrik etxebizitzaren arloan". Etxebizitza Sindikatuen esanetan, "higiezinen espekulazioa dago etxebizitzaren egungo egoeraren erdigunean", eta "neurri partzialek ez dutela aukera ematen arazoaren egiturazko kausei heltzeko".

Horiek horrela, etxebizitza-eskubidea bermatzera eta espekulazioaren negozioari aurre egitera bideratutako neurriak exijitu dituzte sindikatuek; esaterako, "espekulatzaileei desjabetzea, espekulazioa debekatzea eta etxebizitza behar sozialen arabera planifikatzea". Eta beharrezkotzat jo dute, gainera, mobilizazioen bidez "aldarrikapen horiek kalera eramatea".

Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren asanblada herritarrak aurrez

Ostiralerako deialdi bateratua egin aurretik, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak asanblada herritarrak antolatu zituen hiriburuetan egun eta ordu bererako. Orain, jakinarazi du mantendu egingo dituela asanblada horiek, baina orduz aldatu ditu, eta mobilizazioak hasi baino ordubete lehenago izango dira: 18:00etan, alegia. 

Bilboko Santiago Plazan, Gasteizko Faroloian, Donostiako Bulebarrean eta Iruñeko Gaztelu Plazan egingo dituzte asanbladak, "datozen asteetarako aurreikusten diren dozenaka etxegabetzeren kontrako borroka antolatzeko" asmoz besteak beste.

Etxebizitzaren inguruko dekretuaren balorazioa

Behin betiko testuen zain, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak balorazio txiki bat egin du Espainiako Gobernuak onetsi dituen bi dekretuek ekarriko dituzten neurriei buruz. Izan ere, lehenik eta behin, salatu du gobernuak "nolako oportunismo lotsagabez" jokatu duen itxura emateko etxebizitzaren aldeko mugimenduaren aliatuak direla. Sindikatuaren hitzetan, "oso urrun daude horretatik".

Azaldu duenez, gobernua orain suminduaren plantak egiten ari da Mari Carmenen etxegabetzearen aurka, "baina ez zaizkie hainbeste inporta moratoria indarrean egon den sei urteetan gauzatu diren 200.000 etxegabetzeak"; egunean 90 bat, alegia. Sindikatuak dio gobernua etxegabetze horiek sistematikoki ezkutatzen aritu dela, "moratoriak etxegabetzeak debekatzen zituelako" aitzakia erabiliz; eta haserre-plantak egiten dituela, hain justu, "haserre soziala baretu eta hauteskunde-etekina ateratzeko, etxebizitzaren egoera larria konponduko ez duten neurri batzuk ateraz". Sindikatuak dio, dena den, neurri horiek ez dutela egoera konponduko, "ez baitituzte ukituko higiezinen merkatuaren oinarriak". "Ukiezina da eraikuntza-enpresen eta errentatzaileen irabazi pribatua, eta horrek aldez aurretik mugatzen du neurrion irismena".

Dekretuen edukiari dagokionez, etxegabetzeen moratoriatik hasita, gogorarazi du neurri hori indarrean egon den bitartean "bide judizialetik bultzaturiko lau etxegabetzetik hiru gauzatu direla". Orain badirudi antzeko neurri bat erreskatatuko dutela, baina bi aldaketarekin, eta horrek are gehiago murriztuko du haren eragina. Batetik, antolakundearen ustez, "badirudi, Juntsi eginiko kontzesio gisa, etxejabe txikiek bultzaturiko etxegabetze-kasuetan (halakoak dira gehienak, egungo alokairuaren merkatuaren osaera ikusita), zailagoa izango dela maizterrei moratoria aplikatzea". Beste alde batetik, administrazio publikoa modu zuzenean egingo da kargu ez-ordaintzeez. Aurreko moratorian jasotzen zen konpentsazio ekonomiko bat emango zitzaiela etxejabeei, eta, Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren arabera, "Hego Euskal Herrian bakarrik 2 milioi euro igaro dira diru publikotik errentatzaileen patriketara haren eraginez". Egungo dekretuaren bidez, zuzenean diru publikoz ordainduko dira ez-ordaintzeak, konpentsazio-eskaerak tramitatu beharrik gabe. Hori horrela izanik, "are gehiago gordeko dira errentatzaileen etekinak".

Beste neurriei dagokienez, putre-funtsei espekulaziozko erosketak debekatzea eta aldi baterako alokairuko kontratuak eta logela-alokairua arautzea lasaigarria izan daiteke milaka lagunentzat, baina garrantzitsua izango da dekretua "xehe-xehe" aztertzea; izan ere, azken urteetan etxebizitzaren arloan martxan jarritako neurrietan maiz sartu izan dituzte haien eragina nabarmen txikitzeko baldintzak. Tentsiopeko guneen prezioak ikusi besterik ez dago: sindikatuak dio gutxi gorabehera kasuen %10i soilik aplikatu zaiela, eta ikusi dela ez duela bat ere eraginkortasunik alokairuen prezioak jaisteko. Gainera, "deigarria da bi neurri horiek berariaz atzeratu edo zuzenean baztertu dituela PSOEk, eta, orain, aukera politikoa ikusi duenean, neurriok txertatzea erabaki duela".

Bestalde, "dekretuan bertan dauden neurri fiskalek erakusten dute lehentasuna dela etxebizitzaren negozioak errentagarritasun handia izaten jarraitzea hartaz probesten direnei", sindikatuaren ustez. Hain justu, proposatzen da etxejabeei %70-100eko kenkari fiskalak aplikatzea prezioak jaistearen truke; aldiz, askoz baxuagoa da maizter gazteentzat zenbait kasutan proposatzen den kenkaria, %10ekoa izango baita. Ildo beretik interpretatu behar dira "etxebizitza erosteko dirulaguntzak, zor publikoaren bidez etxebizitzaren prezio ezin altuagoei eusteko bidean baitoaz".

Sindikatuak iritzi dio, azkenik, alokairu-kontratu mugagabeen neurria aparteko dekretu batean txertatzearen arrazoi bakarra dela "parlamentuan ez dutela babes nahikorik izango hura aurrera ateratzeko". Ohi duten moduan, aurreikusgarria da dekretu hori erori izana erabiliko dutela eskuineko alderdiei errua botatzeko, sindikatuak ohartarazi duenez. "Ezin gara haien amarru diskurtsiboetan erori", seinalatu du: "Parlamentuko alderdi guztiak dira langile-klaseak etxebizitzaren arloan duen egoera larriaren erantzuleak, batek ere ez baitu soluzio errealik proposatzen". 

Laburbilduz, sindikatuak dio neurri horiek zenbait hobekuntza ekar ditzaketela biztanleriako sektore batzuen bizi-baldintzetan eta, beraz, aitortu beharrekoak direla dekretuen elementu positibo batzuk. Hala ere, abisu eman du: "Zuhaitzek ezin digute basoa ikustea galarazi". Beste behin ere, seinalatu du "aldi baterako adabakiak" direla gobernuaren neurriak, eta ez dutela "abiadura biziko pobretze-prozesua konpontzen, zeinak bereziki eragin larriak baititu langile-klasearen bizi-baldintzetan". Zentzu horretan, sindikatuak azpimarratu du "beharrezkoa dela politikari profesionalen eta enpresarien eraginpetik kanpo antolatzea eta borrokatzea; mobilizatzea eta alternatiba erreal bat planteatzea".