Benjamin Netanyahu Israelgo Estatuko lehen ministroak telebistan egindako hitzaldi batean adierazi duenez, Gazako Zerrendaren kontrako aireko erasoa "hasiera baino ez da", eta balizko su-eten bati buruzko edozein negoziazio "supean" egingo dute sionistek. Adierazpenak Israelgo Estatuak astearte honetan egindako eraso batzuen ostean etorri dira: Gazako Osasun Ministerioaren arabera, gutxienez 404 palestinar hil dira azken bonbardaketan, haur asko tartean, eta 560 zauritu baino gehiago izan dira Khan Younis, Rafah eta Deir el-Balah eremuetan.
Netanyahuk esan du "Hamasek uko egin" ziola Steve Witkoff AEBetako mandatariak zuzenduko lukeen "bitartekaritza-proposamen" bati, urtarrilaren 19an hasitako su-etena luzatzea omen zuena helburu. Erresistentzia palestinarrak behin eta berriz salatu du sionistek su-etena urratu dutela, akordioan baimendutako laguntza humanitarioa blokeatu dutela, eta presoen trukea oztopatu dutela.
Horri erantzunez, Israelgo Estatuko indarrek bonbardaketak egin dituzte Gazako hainbat gunetan, gerrako presoak askatzeko eta blokeoa bertan behera uzteko elkarrizketak etenda. Netanyahuk Hamasi egotzi dio bere armadak eragindako biktimen erantzukizuna, eta Gazako biztanleei "terroristengandik" urruntzeko agindu die.
Sionisten erasoaldiak gaitzespena eta protestak eragin ditu nazioartean, baita Palestina okupatuko bi hiri nagusietan ere: Al-Quds/Jerusalemen eta Yaffa/Tel Aviven.