Espainiako Estatuko azken parlamentu-hauteskundeetan, 2024ko ekainean, botoen %14,2 lortu zuten eskuin muturreko Vox eta Se Acabó La Fiesta (SALF) alderdiek biztanleria orokorrean. Voxek botoen %9,6 jaso zituen, eta SALFek %4,6. Hala ere, CISen barometroak 2024ko uztailean, irailean, azaroan eta abenduan eta 2025eko urtarrilean emandako datuek modu argiagoan erakusten dituzte hauteskundeetako emaitzak eta joerak, lan-sektoreka banatuta. Nabarmentzen da, polizien eta militarren artean, %33k babestu zutela Vox eta %14k SALF. Beraz, ia erdira heltzen da eskuin muturreko bi alderdi horiek Estatuko Segurtasun Indarren eta Kidegoen artean lortutako babesa. PPk, bestalde, botoen %30 jaso zuen sektore horretan, eta hori gehituz gero, %77ra heltzen da hiru alderdi horiek militarren eta polizien artean izandako babesa.
Parlamentuaren beste aldean, ikusten da ezkerrerantz gehien jotzen duen sektorea pentsiodunen sektore zabala dela: %45ek PSOEri eman zioten botoa azkenekoz, beste %5ek Sumarri, %3k Podemosi eta %7k alderdi subiranista periferikoei, besteak beste ERCri, EH Bilduri, BNGri eta CUPi. Hortaz, esan daiteke Espainiako Estatuko pentsiodunen erdiak baino gehiagok babestu zutela ezkerra azken bozetan. Espektro horri emandako babes orokorra %43,1ekoa izan zen.