AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / INM/Handout Via Reuters
2023/03/07 09:18

Mexikoko Migrazio Institutuak (INM, gaztelerazko sigletan) jakinarazi duenez, Mexikotik migratu nahian ari ziren 343 pertsona aurkitu dituzte Veracruz estatuan, abandonatutako kamioi bateko atoian gordeta. Metalezko egitura batzuekin egindako bi maila zituen ibilgailuak, eta horietan pilatuta zeuden ehunka lagunak. Igande gauean topatu zuten kamioia Cosamaloapan-La Tinaja errepidean, gidaririk gabe eta alde batera utzita.

Dirudienez, Guatemalakoak, Honduraskoak, El Salvadorrekoak eta Ecuadorrekoak dira Mexikotik igarota Amerikako Estatu Batuetara iritsi nahian ari ziren pertsonak. Herena (103 pertsona) bakarrik zihoazen adingabeak ziren; gehienak, guatemalarrak. Beste 28 adingabe ere bazeuden ibilgailuan, baina senideren batek lagunduta. Gainerako 212 migratzaileak ziren helduak. Koloretazko besokoak zituzten, identifikaziorako.

Mexikoko Familiaren Garapen Integralerako Sistemaren esku geratu dira adingabeak eta familiak. Helduek, berriz, Mexikon euren egoera juridikoa zehazteko prozedurei ekin behar izan diete.

Kasu gehiago Mexikon

Aurreko astean, mugaldeko Tijuana hirian atzeman zituzten 79 migratzaile, hotel bateko hainbat gelatan pilatuta. Urtearen hasieran, Chiapas estatuan aurkitu zituzten migratu nahian ari ziren 269 pertsona, beste kamioi batean. Joan den otsailean, gainera, Mexikoko autoritateek ia 100 adingabe guatemalar deportatu zituzten.

AEBek urtearen hasieran adierazi zuten Nikaraguatik, Kubatik, Venezuelatik eta Haitik migratutako 30.000 pertsona hartuko zituztela. Gainerako migratzaileak, ordea, Mexikora deportatuko zituztela esan zuen.

EZ DAGO IRUZKINIK