AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/04/02 09:32

Larunbat honetarako, apirilaren 5erako, mobilizazio nazional bat antolatu du Donostian (Gipuzkoa) Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, etxebizitza-eskubide unibertsalaren alde eta higiezinen negozioaren kontra. Babes zabala jasotzen ari da deialdia: arrazakeriaren aurka aritzen diren hainbat kolektibok, dozenaka gazte-eragilek eta ehunka gizarte-langilek babestu dute manifestazioa. Eta berriki, gainera, Nafarroako Etxegabetzeen Aurkako Suhiltzaileen Plataforma batu da.

Bertako kideen esanetan, duela gutxi sortu dute plataforma, "beste lurralde batzuetan sortzen ari diren beste suhiltzaile talde batzuen esperientziari jarraituz". "Sektoreko langileok kezkaz ikusten dugu nola larriagotzen ari den etxebizitzaren arazoa, eta uko egiten diogu etxegabetzeen exekutoreak izateari", diote. Uste dute "etxebizitzaren arazoak eta pobretze orokorraren testuinguruak erantzule zuzenak eta egiturazko arrazoiak" dituztela; eta beharrezkoa dela, beraz, "etxebizitzaren negozioaren aurka mobilizatzea". Horri lotuta egin dute bat larunbat honetako mobilizazioarekin, eta bertaratzera deitu dute.

Manifestu propio bat ere argitaratu dute Nafarroako suhiltzaileek, larunbatean mobilizatzera deitzeko. Bost puntu nagusi jasotzen ditu idatziak: "etxebizitza-eskubidearen alde eta negozioaren aurka" kokatzen dira; "gure bizilekuak defendatzearen" alde egiten dute; "pertsonak salbatzera" deitzen dituzte suhiltzaileak, eta "ez espekulatzaileak"; antolatzera eta "etxegabetzeetan parte hartzeari uko egitera" deitzen dute; eta "klase-elkartasuna" aldarrikatzen dute, "gizarte justu bat eraikitzeko" bidean.

EZ DAGO IRUZKINIK