AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/07/23 09:35

Gazako Zerrendan, ustezko "gune seguruak" mugarriztatuta ditu Israelgo Estatu genozidak, baina eremu horiek geroz eta txikiagoak izateaz gain, armada sionistak etengabe bonbardatzen ditu. Horietako bati atzo bertan egin zion eraso, uztailaren 22an: Khan Yunis eremuko auzoetan jo zuten erasora sionistek, miliziano palestinarrek handik misilak bota omen zituztela aitzakiatzat hartuta.

Muwasi hiriaren ekialdean (Gazako Zerrendaren hego-mendebaldean dago) zeuden milaka pertsona kanporatu zituzten sionistek, hiria "gune seguru" izendatu eta palestinarrak hara mugiaraztera behartu ondoren. Estatu sionistaren arabera, "eremu humanitarioaren mugak egokitzen" ari da, hiritarrak "borroka-guneetatik at mantentzeko".

Dena den, Khan Yunis inguruko auzoei eraso egin eta 37 palestinar erail zituzten sionistek, eta 120 zauritu zituzten. Gazako osasun-agintaritzen datuak dira horiek, baina sionistek palestinar gehiago hil dituztela uste dute. Khan Yunis erortzeko zorian dago, bai eta Muwasi osoa ere, eta atzoko bonbardaketek eragindako hondakinen azpian gorpu gehiago daudela ohartarazi dute.

Ez dago gune segururik

Ohi bezala, indar militar sionistek eskuorriak bota zituzten aurrez "gune segurutzat" jotako auzoetan, palestinarrei handik alde egiteko eskatuz. Handik minutu gutxira bonbardatu zituzten eraikinak, palestinarrei nolabait euren burua babes zezaten denborarik eman gabe. Muwasi hiria bonbardatu zuten astelehenean ere, eta, orduan, 90 pertsona erail zituzten sionistek.

Estatu sionistaren arabera, milioi bat palestinar daude "gune humanitarioetan". Horietan jasan beharreko bizi-baldintzak negargarriak dira: kanping-dendetan bizi dira, eta ez dute ur edangarririk, elikadura-laguntzarik edota osasun-instalaziorik. Berriki, gune horietara joan dira milaka palestinar gehiago, Khan Yunis bonbardatua eta suntsitua izan ondoren. 

Gazako Zerrendan, 39.000 palestinar baino gehiago erail ditu Israelgo Estatuak iazko urriaren 7tik. Palestinako osasun-agintaritzen esanetan, gainera, 89.000 palestinar zauritu dituzte azken bederatzi hilabeteetan.

EZ DAGO IRUZKINIK