AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/06/10 09:16

"Gazteok kritikoki eta independenteki antolatzeko beharra" identifikatuta, Izetu Gazte Asanblada berria jarri dute martxan Galdakaon (Bizkaia): "Urteak daramatzagu Gazte Asanblada barik, ez daukagu batzeko eta antolatzeko lekurik herrian", azaldu dute asanbladako kideek.

Dena den, esan dute hori ez dela "egoera isolatu bat" eta "gazteon errealitatea gero eta ilunagoa" dela. Uste dute "problematika askoz zabalago bati erantzuten" diola horrek guztiak, "pobretze orokortuak gure egunerokotasuna markatzen" duela nabarmenduz. Horren "ondorio zuzen" batzuk aipatu dituzte, hala nola, "emantzipatzeko ezintasuna, antolatzeko espaziorik eza, despolitizazioa eta ideia atzerakoien gorakada".

Eta Galdakaon zer?

Galdera bati erantzuten saiatu da Izetu: "Eta Galdakaon zer?". Eta erantzuna zehazten hasi dira, aisialdi-ereduari aipamena eginez lehenik eta behin: "Galdakaon aisialdia guztiz kontsumora bideratuta dago. Edo ordaindu edo kalean geratu. Espazio horiek kontsumo kapitalistaren isla dira: gazteok batzeko gune bakarra tabernak izatea, kirola egiteko gimnasio kuota handiak ordaindu beharra, gure kultur eta musika ezinegonak asetzeko oztopo burokratikoz betetako espazioak...". Seinalatu dute eredu horrek kanpo uzten dituela gazteak eta haien beharrak, eta "bidea irekitzen" diola "herria hutsik geratzeari".

Horrez gain, kezkaz esan dute "kontsumo kapitalista eredu" hori "gazteon artean ideia atzerakoiak zabaltzeko eszenatoki perfektua" dela; "gazteen arteko liskarrak areagotuz" eta "indarkeria matxista eta arrazakeria normalizatuz". Horregatik jo dute ezinbestekotzat ideia horiei aurre egitea, "gazteon artean normalizatu ez daitezen", eta iritzi diote lan horretan "garrantzi handia" dutela Gazte Asanbladek, "gazteon antolakuntzarako eta politizaziorako oinarrizko espazioak baitira".

Gaztetxeen aldeko borroka

Izeturen aurkezpenean, Euskal Herriko hamaika Gazte Asanbladak "Gaztetxe desberdinen defentsan" egiten duten lana erreibindikatu dute Galdakaoko kideek, "egunerokoan Gazte Asanbladen jarduna defendatuz eta gazteok antolatzeko dugun eskubidea aldarrikatuz" egiten duten ekarpena azpimarratuta.

"Galdakao ez da salbuespen bat izango", argitu dute: "Beharrezkoa ikusten dugu Gazte Asanblada berrartzea, herrian espazio berri bat sortzea; ideia atzerakoien eta despolitizazioaren aurrean zapalkuntza guztien aurkako ideiak zabaltzeko, kontsumo kapitalistaren aurrean gazte langileontzat aisialdi alternatiboa antolatzeko, eta pobretze orokortuaren aurrean gure antolatzeko eskubidea defendatzeko".

Ekainaren 27an aurkeztuko dute Gazte Asanblada, egitarau baten eskutik. Aurrerago emango dute deialdi zehatzaren berri.

EZ DAGO IRUZKINIK