AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / The Palestine Chronicle
2025/03/20 12:05

Armada sionistak atzo ekin zion berriro erasoari Gazako Zerrendan: 48 orduko bonbardaketa bortitzek 430 hildako baino gehiago eta 700 zauritu inguru eragin dituzte, agintaritza palestinarren arabera. Israelgo Estatuko indar armatuek jakinarazi dutenez, euren tropak "lurreko operazio espezifikoak" egiten ari dira Gazako erdialdean eta hegoaldean, "segurtasun-eremu bat handitzeko" eta "moteltze partzialeko eremu bat" sortzeko.

Okupazio militarreko ekintza horien bidez, Israelgo Estatuak su-etena hautsi du erabat, urtarrilaren 19tik indarrean egon dena, eta akordioaren bigarren fasearekin jarraitzeari uko egin dio, tropak erretiratzea zekarren eta. Gainera, agintaritza sionistek esan dute euren Aireko Armadak Yemendik botatako jaurtigai bat atzeman duela, 1948an okupatutako lurraldeak arriskuan jartzen omen zituena.

Israel Katz Defentsa ministro sionistak "borroka-guneetatik alde egiteko" agindu die Gazako palestinarrei, "alternatiba erabateko suntsiketa eta hondamena" dela ohartaraziz. "Bahitu guztiak askatzea eta Hamas desagerraraztea" ere eskatu du Katzek, beste "aukera" batzuk irekitzeko; "beste herrialde batzuetara bidaiatzeko aukera barne".

Testuinguru horretan, Israelgo Estatuko indarrek areagotu egin dituzte herri palestinarraren aurkako gerra psikologikoko operazioak, eta eskuorriak airean jaurti dituzte, zibilei eremu "seguruagoetara" jotzeko "gomendioa" emanez; nahiz eta NBEk berak adierazi duen ez dagoela halakorik Zerrenda osoan. Erasoaldi honek zibilen hainbat gune kolpatu ditu, besteak beste, errefuxiatuen kanpaleku bat eta NBEren egoitza bat Deir al Balahn, non atzerriko langile bat ere hil den.

Erantzun gisa, Hamasek esan du Israelgo Estatuaren operazioak "su-etenerako akordioaren urraketa" direla, eta munduko estatuei eskatu die esku har dezatela. Bestalde, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak "su-etena errespetatzeko" eskaera egin du, "Gazan sufrimendu gehiago saihesteko".

Egoerak kritikoa izaten jarraitzen du: zauritutako pertsonez lepo dauden ospitaleak, laguntza humanitarioari sionistek jarritako blokeoa, hornidura medikoen eskasia... Munduko hainbat herrialdek negoziazioetara itzultzea eskatu dute, baina badirudi inor ez dagoela prest Israelgo Estatuari zuzenean aurre egiteko. AEBek, bestalde, estatu sionistaren alde daudela berretsi dute.

EZ DAGO IRUZKINIK