"Indarkeria matxista borrokatzeko antolatu behar gara", esan dute Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistako kideek. Horretarako, Euskal Herriko zenbait eskualdetan indarkeria matxistari aurre egiteko bitartekoak sortzen hasiko direla jakinarazi dute. Dena den, aurrerago emango dute bitarteko horien nondik norakoen berri.
"Emakume langileok egunerokoan indarkeria forma ezberdinak pairatzen ditugu eta egungo krisi testuinguruan indarkeria are gehiago normalizatzen ari da", ohartarazi du Itaiak. Nabarmendu du, gainera, "ikus-entzuneko plataformak gailendu diren garai hauetan, indarkeria forma berriak garatu" direla, eta emakume langileek jasaten duten zapalkuntza areagotzen eta indartzen duela horrek.
Bestalde, seinalatu du instituzio publikoek "arazo horren aurrean" martxan jarritako tresnek "hutsuneak" dituztela. "Argi izan behar dugu ez dutela emakume langileok jasaten ditugun zapalkuntzak gainditzeko borondate errealik", gehitu du.