Gizarte Zerbitzuei eta Gizarte Politikari buruzko Dokumentazio Zentroaren (SIIS) arabera, 2024an, 1.500 baino gehiago ziren etxerik gabeko pertsonak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Azken zortzi urteetan bikoiztu egin da kopurua, 2016an, kale-egoeran zeuden 743 pertsonaren berri izan baitzuen zentro horrek.
Araban atzeman du hazkunderik handiena SIISek, etxerik gabeko 122 pertsona zenbatu baitzituen 2024an, 2016an baino %306 gehiago. Gipuzkoan kale-egoeran zeuden 524 lagunen berri izan zuten iaz (+%252), eta Bizkaian 910 ziren (+%241). Bilbon (Bizkaia), zehazki, gutxienez 605 pertsona aurkitu zituzten kale gorrian 2024an, 2016an baino %185 gehiago.
Atzo Bilbon bertan egin zuten protesta bat hainbat kolektibo sozialek (Argitan, Atxurigorri, Atxuri Harrera, AZET eta Berri Otxoak kasu), instituzioen etxebizitza-politika salatzeko. Ohartarazi zuten etxerik gabeko pertsonen kopuru erreala zenbaketa ofizialetakoa baino askoz ere altuagoa izan daitekeela berez, aipatutako datuak gau bakar batean egindako neurketetan oinarritzen baitira.