AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/02/15 10:22

Deba Goienako Ikasle Abertzaleakek jakinarazi berri duenez, irakasle batek hainbat ikasleri egin die eraso Oñatiko (Gipuzkoa) Zuazola-Urgain institutuan. "Irakasle horrek arrazarengatik, generoagatik zein identitate zapalduengatik iraindu izan ditu ikasleak", azaldu dute IAko kideek. Gaineratu dute, bestalde, "jarrera autoritarioak" ere izan dituela sarri, bai "ikastetxean zailtasunak izan dituzten" ikasleekin bai "antolakuntza politikorako interesa agertu dutenekin". Aipatu dute, gainera, Oñatin kargu publikoak dituela irakasle horrek: zinegotzia da udalean.

"Gertakarien larritasuna" ikusita, ikasle talde batek institutuko zuzendaritzara jo zuen, eta irakasleak egindako erasoak salatu zituen han. Prozedura bat jarri zuten martxan orduan zuzendaritzako kideek, baina IAk azaldu du ez duela emaitzarik izan horrek, eta zalantzan jarri du erabaki horien "eraginkortasuna".

Hala, erasoak "irmoki gaitzesteaz" gain, protestara deitu dute IAko kideek. Kontzentrazio bat egingo dute ostiralean, hilaren 18an, Irunberri plazan. 19:00etan elkarretaratuko dira han, irakasleak egindako erasoak salatzeko nahiz, horiek "errepika ez daitezen, beharrezko neurriak har ditzan" exijitzeko Zuazola-Urgaingo zuzendaritzari. Deba Bailarako Itaiarekin batera egin du mobilizazio deialdia IAk.

Nabarmendu dute Oñatin ikasleek jasan behar izan dituzten erasoak ez direla "salbuespenak", eta "hezkuntza sistemari berezkoak zaizkion jarrerak" direla aipatutako irakasleak izandakoak. "Joera hori orokortzeko arriskua dagoela uste dugu, izan ere, ikasle askoren eguneroko ogia izan ohi da horrelako erasoak jasotzea, izan pertsonalak izan politikoak", gaineratu dute IAko kideek.

Greba martxoaren 24an

Azpimarratu dute, horretaz gain, martxan diren hezkuntza erreformek "ez dakartela konponbiderik"; Bigarren Hezkuntzaren kasuan, LOMLOE da dagoeneko ezartzen ari den erreforma. "LOMLOEk mahaigaineratzen dituen balio aurrerakoien fartsa salatzea dagokigu, argi geratzen baita balio horiek ez dutela islarik", diote IAko kideek.

Aipatutako jarrerak "hezkuntzaren dekadentziaren adibidetzat" jo dituzte. "Zentzu horretan, LOMLOEk jada martxan dagoen hezkuntzaren dekadentzia prozesua formalizatzen eta betikotzen duela ulertuta, horren aurka mobilizatzea beharrezkoa dela uste dugu", nabarmendu dute. Hala, IAk martxoaren 24rako antolatu duen ikasle grebara batzera deitu dituzte ikasleak.

EZ DAGO IRUZKINIK