Iruñeko (Nafarroa) Instrukzioko 3. zenbakiko Epaitegiko titularrak amaitutzat eman du proxenetismo kasu baten ikerketa. Izan ere, iazko udazkenean hasita, adingabeak diren hiru neska sexualki esplotatu dituzte Nafarroan; haietako bik 14 urte zituzten esplotazioa hasi zenean, eta 16 urte besteak. Nafarroako Gobernuaren tutoretzapean zeuden hirurak.
Aurreko urteko irail amaieran, haien harrera-etxe eta zentroetatik ihes egin zuten hiru neskek, eta gerora sexualki esplotatuko zituzten hiru gizonetako baten etxera joan ziren bizitzera; nesketako batek eta berak elkar ezagutzen zuten. Garai hartan ezagutu zituzten beste bi proxenetak: "modu errazean diru asko irabaztea" eskaini zieten hiru adingabeei, hasiera batean, "eduki erotikoko bideodeiak" nahiz argazkiak eginez. Hiru gizonetako batek, gainera, berekin sexu-harremanak izatera behartu zuen nesketako bat; haiek bizi ziren etxe horretako jabea izan zen, hain zuzen. Etxe horretan bizitzen jarraitu nahi bazuen, berekin sexu-harremanak izan beharko zituela esan zion.
Irail bukaeran, hala, ia hogei iragarki argitaratu zituzten web-orri batean, eta horien bidez eskaintzen zituzten "sexu-zerbitzuak" hiru neskek, diru truke. Besteak beste, "eduki erotikoko bideodeiak", "masaje erotikoak" eta "sexu osoa" eskaintzen zituzten.
Epaitegian egindako ikerketak jasotzen duenez, nesken egoeraz erabat jakitun ziren hiru proxenetak: bazekiten ez zutela haien harrera-etxe eta zentroetara itzuli nahi, eta horretaz baliatu ziren. Ikerketaren arabera, gainera, drogak ematen zizkieten hiru adingabeei, haien "erabakitzeko askatasuna mugatuz".
Epaitegiaren arabera, gutxienez hiru gizonek izan zituzten sexu-harremanak hiru neskekin, diru truke. Hortaz, guztira sei gizon auzipetu dituzte: hiru sexu-esplotazioagatik eta adingabeak "prostituziora bultzatzeagatik", eta beste hiru, adingabeak zirela jakin arren, neska horiekin eta diru truke sexu-harremanak izateagatik.