AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Ramadan Abed/Reuters
2025/02/11 10:36

Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak atzo iragarri zuenez, atzeratu egin du Israelgo Estatuko presoen askapena, sionistek ez dituztelako bete Gazan indarrean dagoen su-etenaren baldintzak. Abu Obeida Al-Qassam Brigaden bozeramailearen arabera, Israelgo Estatuak etengabe egindako urraketen ondorioz hartu dute erabakia, zibil palestinarren aurkako erasoak eta laguntza humanitarioari jarritako oztopoak barne. "Preso sionistak atxikita egongo dira entitate okupatzaileak bere eginbeharrak bete eta egindako urraketak konpondu arte", adierazi du Obeidak.

Su-etena, preso sionistak palestinarrekin trukatzea aurreikusten duena, lehen fasean dago: 21 preso israeldar eta 800 palestinar baino gehiago askatu dituzte jadanik. Hala ere, Hamasek azaldu du Israelgo Estatua blokeatzen ari dela errefuxiatu palestinarrak Gazako iparraldera itzuli ahal izatea, eta beren etxeetara bueltatu nahi duten palestinarrei eraso egiten ari dela. Bien bitartean, Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak esan du "akordioa erabat urratzea" izango litzatekeela presoen askapena atzeratzea, eta "edozein eszenatokitarako" prestatzeko eskatu die indar militar sionistei.

Tentsioa areagotu egin da Donald Trump AEBetako presidentearen azken adierazpenekin, proposatu baitu Gazako palestinarrak indarrez kanporatzea ondoko beste herrialde batzuetara, hala nola Jordaniara eta Egiptora, euren lurretara itzultzeko duten eskubidea ukatuz. Askok jo du proposamen hori garbiketa etnikorako saiakeratzat. Nazioarteko bitartekariak, bitartean, su-etenerako akordioa bizirik mantentzen saiatzen ari dira, baina tokiko egoerak okerrera egiten jarraitzen du, su-eten hauskorra kolapsatzeko arriskua agerian utziz.

EZ DAGO IRUZKINIK