Beste zortzi pertsona hil dira asteburuan Mantxako kanalean, Frantziatik Erresuma Batura heltzeko ahaleginean. Ambleteuseko uretan gertatu da oraingoan, Frantziako kostaldetik gertu: hondoratu egin da gutxienez 59 lagun zeramatzan ontzia. Gutxienez zortzik bizia galtzeaz gain, sei pertsona zauritu da, eta oso larri dago horietako bat.
Azaldu dutenez, pisu handiegia zeraman ontziak, eta Frantziako kostatik atera eta segituan hondoratu zen, zonalde harritsu batean. Afganistan, Egipto, Eritrea, Iran, Siria eta Sudango jendea zihoan bertan, Erresuma Batura iristeko saiakeran. Batetik seik baino ez zeraman salbamendu-jaka.
Gutxienez 45 hildako 2024an
Irailaren hasieran, beste hamabi lagunek galdu zuten bizia Mantxako kanalean: urperatu egin zen ia 70 pertsona zeramatzan ontzia. Azken heriotzekin, gutxienez 45 dira, urtea hasi zenetik, migrazio-bide horretan hil diren pertsona migranteak.