AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/12/01 12:39

Goierriko Kontseilu Sozialistak aurreko asteburuan jakinarazi zuen Laneko Autodefentsa Sare berri bat jarri duela martxan eskualdean, eta beste urrats baten berri eman du oraintsu: Etxebizitza Sindikatua sortu du. Iruñeko (Nafarroa), Donostiako (Gipuzkoa), Bilboko (Bizkaia) nahiz Tolosaldeko (Gipuzkoa) Kontseilu Sozialistek egin bezala, "langile klasearen babesgabetasunari" aurre egiteko eta "kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala" izango den etxebizitzaren alde borroka egiteko sortu dute Etxebizitza Sindikatua Goierrin.

Goierriko Kontseilu Sozialistako kideek nabarmendu dutenez, "Ongizate Estatuaren paradigma agortzen ari den honetan, zerbitzu publikoen kalitatea okertzen ari da", eta "kalitatezko etxebizitzarako eskubidea geroz eta zailagoa da eta tramite burokratiko amaigabeek zaildu egiten dute behar gehien dituztenek laguntzak jasotzeko aukera, besteak beste". "Langile klasearen geruza geroz eta zabalagoak babesgabe" daudela ohartarazi dute, eta horrekin lotu dituzte "alokairuen prezioen igoera, argindarraren tarifak ordaintzeko zailtasunak, jabe handi zein txikien mehatxuak, eta abar".

Gogora ekarri dute iaz Beasaingo (Gipuzkoa) etxe kaleratze bati aurre egin ziola Kontseilu Sozialistak, eta beste pauso bat eman dute orain Etxebizitza Sindikatuaren sorrerarekin. Etxebizitzaren arloan "autodefentsa sozialista antolatzea" da helburua, "gehiegikeria mota ezberdinei aurre eginez, bizi-baldintzak hobetzeko borrokak abiaraziz eta antolakuntza gaitasunak handituz". "Gizarte eredu kapitalista gainditzeko prozesua" indartu nahi dute horrekin, "kalitatezko etxebizitza, doakoa eta unibertsala posible izango den Estatu Sozialistaren eraikuntza-prozesua elikatzea" jo baitute "helburu nagusitzat".

Aurkezpena abenduaren 7an

Abenduaren 5ean aurkeztuko dute Goierriko Laneko Autodefentsa Sarea Beasainen, eta Etxebizitza Sindikatuaren aurkezpen saioa, berriz, hilaren 7an izango da. Ordiziako (Gipuzkoa) D'Elikatuzen egingo dute aurkezpena, 18:00etan.

EZ DAGO IRUZKINIK