Atzo, ehunka pertsona atera ziren kalera Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba) eta Iruñean (Nafarroa), herri palestinarrari eta bertako erresistentziari babesa emateko, eta Gazan eta Zisjordanian areagotu den sarraski sionistari eta "laguntza humanitario eskasaren kudeaketa kriminalari" erantzuteko.
Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, palestinarrentzat bonbardaketak eta suntsitutako ospitaleak eguneroko ogia direla gogorarazi zuten atzoko mobilizazioetan; eta horren aurrean Mendebaldeko gobernuek erakutsitako hipokrisia salatu zuten, nahiz eta, publikoki, sionistekin harremanak mozteari buruz hitz egiten duten hainbat gobernuk eta alderdik.
Beranduegi datoz
"Espainiako Estatuan armen enbargoa eztabaidatuko da, Frantziak eta Erresuma Batuak Palestina aitortzeko asmoa adierazi dute eta Europar Batasunak Israelekin duen elkartze-akordioa aztertuko du. Horiei guztiei jarraika, euskal alderdietako ordezkariak ere batu egin dira ekintzarik gabeko diskurtso huts horietara", seinalatu du Palestinarekin Elkartasunak: "Hitz horiek, kea izateaz gain, 20 hilabeteko sarraski baten ondoren datoz, hamarnaka mila hildako, zauritu eta desplazaturen ondoren".
Eta harago ere joan da: "Israelek hamarkadak daramatza palestinarren garbiketa etnikoa aurrera eramaten. Gainera, 2023ko urritik hona abiarazitako ofentsiba basatiaren hasieratik egon da argi genozidio baten aurrean geundela, eta orain arte ez dute ezer ere egin. Eta egin zezaketen". Horiek horrela, plataformak ondorioztatu du azken adierazpenek, "genozidioa eteteko helburua izan baino, bestelako interesei edo kalkuluei erantzuten dietela".
22 kokaleku sionista berri Zisjordanian
Palestinarekin Elkartasunaren esanetan, gobernuen eta alderdi parlamentarioen diskurtsoek "ez dute Israelen existentzia zalantzan jartzen"; "kontrara, oinarrian dagoen arazoa estaltzen dute, eta bere existentzia legitimatzen dute, bi estatuen aterabide faltsuaren bidez". Hala ere, plataformak nabarmendu du "palestinarren askatasuna" ez dela "entitate sionistarekin bateragarria", eta Israelgo Estatua bera arduratu dela "hori erakusteaz": nazioartean balizko Palestinako Estatu batek izango lukeen babes posiblearen berri izatean, estatu sionistak jakinarazi du 22 kokaleku gehiago eraikiko dituela Zisjordanian.
"Argi dago: edo Palestina edo Israel. Ez dago erdibiderik. Existitzen uzten ez duen estatu batek ez luke existitzeko eskubiderik izan behar", dio plataformak: "Eta Mendebaldeko burgesiak eta agintariek argi dute euren hautua. Beraz, egunotako adierazpenek genozidioa eta garbiketa etnikoa atzeratu edo moteltzea baino ez dute bilatzen".
Presioa sionistekin harremanak eteteko
Era berean, atzoko protestetan Palestinarekin Elkartasunak beharrezkotzat jo zuen "Israelekin harremanak mantentzen dituzten guztiei" presioa egiten jarraitzea, "edozein motatakoak direla ere". Horren adibide modura aipatu zituen "instituzioen arteko harremanak" edo "Jerusalemen apartheid-aren trena eraikitzen" ari den CAF euskal enpresa, besteak beste. Horrekin batera, BDZ mugimenduak ekainaren 14rako antolatutako mobilizazioetan parte hartzera deitu zuen.
Argazkiak: Palestinarekin Elkartasuna eta Ecuador Etxea