AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/04/15 10:20

Protesta-ekintza ikusgarria egin du gaur Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS), "palestinar herriaren sufrimendua gogora ekartzeko eta Israel egiten ari den genozidioa salatzeko". Margo gorria bota du Euskal Herriko hainbat iturritan; hala nola, Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba), Iruñean (Nafarroa) eta Tuteran (Nafarroa).

"Bere sorreratik Palestinaren kolonizazioa oinarri izan duen Israelgo Estatuak sei hilabete baino gehiago daramatza inpunitate osoz Gaza suntsitzen, herri palestinarra bere lurretatik kanporatzen eta gerra inguruko herrialdeetara zabaltzeko ahaleginak egiten", azaldu du EHKSk.

Mendebaldeko agintaritzak sionisten konplize: Espainiako Gobernua

Gaitzetsi du, gainera, genozidio horren oinarrian dagoela "Mendebaldeko gobernuen eta alderdi politiko profesionalen sostengua": "Batzuek zuzenean babesten dute estatu sionista. Beste batzuek, bakearen aldeko promesa faltsuak egin arren, ez dute genozidioa geratzeko inolako neurririk hartzen". Espainiako Gobernua, hain zuzen ere, azken jokabide horren adibidetzat jo du EHKSk.

"Palestinar herriaren aldeko hitzak sarritan erabiltzen baditu ere, Israeli armak saltzen dizkio, Israelekin harreman diplomatikoak mantentzen ditu eta Israelekin negozioak egiten jarraitzen du. Hau da, genozidioa aktiboki babesten du", esan du EHKSk Espainiako Gobernua seinalatuta.

Horregatik, hain justu, Espainiako Gobernuaren Bilboko ordezkariordetza aurrean bildu dira gaurkoan hainbat pertsona, iturriak tindatzeko protesta-ekintzaz gain. Gobernuaren "hipokresia" salatzeko, ordezkariordetza pareko errepidean jarri dira zenbait lagun 11:30ak aldera, pankarta baten atzean: Gerrara garamatzaten agintarien aurrean, langile boterea eraiki.

Eskala handiko gerra bat

Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren antolakunde nagusiak, dena den, xehatu du Palestinakoa ez dela "egoera isolatu eta urrun bat", "Mendebaldeko herrialdeen politiken ondorio zuzen bat baizik": "NATOko herrialdeak eskala handiko gerra baterako prestatzen ari dira, gero eta modu agerikoagoan; aurrekontu militarrak handitzen, zerbitzu militarra berriz ezartzeko aukerak aztertzen, gerra-propaganda indartzen, eta abar".

Alderdi parlamentario guztiek "egoera hori onartzen" dutela salatu du EHKSk, "nahiz eta hauteskunde-kanpainan beste gai batzuez hitz egiten saiatu, testuinguru horretan duten erantzukizuna estaltzeko". "Palestinar herriaren genozidioa eta Mendebaldeko herrialdeen militarizazioa txanpon beraren bi alde dira", oroitarazi duenez.

EHKSk, hortaz, aldarri argi bat egin du gaurkoan: "Hori guztia geratzeko modurik eraginkorrena prozesu hori posible egiten duten gobernuen eta alderdi politikoen aurka borrokatzea da, hau da, gerra bultzatzen duten agintarien aurrean, langile boterea eraikitzea".

Bi atxilotu Iruñean

Iturriak tindatzeko protesta-ekintzaren harira, bi militante atxilotu ditu Poliziak Iruñean, goizaldean. Merindadeen Plazan atzeman eta atxilo eraman dituzte biak, erresistentzia egitea leporatuta. Goizean zehar utzi dituzte aske.

EZ DAGO IRUZKINIK