AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / El Economista
2024/08/30 10:53

Brasilen, lan-esplotazioari lotutako operazio berezi bat egin dute hainbat erakundek azken 30 egunetan. Badirudi 125 ikuskapen egin dituztela landa-eremuko nahiz hiri-eremuko negozio ugaritan, eta 593 behargin atzeman dituzte "esklabotzaren antzeko baldintzetan" lanean.

Adin txikiko hamasei pertsona, 94 urteko andre bat eta gutxienez hamazazpi langile migratu daude tartean; hain zuzen ere, Paraguaikoak eta Argentinakoak. Adibide modura, Mato Grosso estatuko egoitza batean etxeko lanak egitera behartu dute aipatutako emakume nagusia; bertako ikaztegi batean lan egitera derrigortu dituzte hamahiru migrante paraguaio, eta Río Grande do Sulen eukaliptoa mozten aritu behar izan dute lau migrante argentinarrek.

Landa-eremuan jopuntuan jarritako negozioen artean nekazaritza da nagusi: tipula, kafea, baratxuria eta askotariko barazkiak ekoitzi dituzten negozioak, hain zuzen ere. Hiri-eremuan, berriz, bestelako sektore batzuetan topatu dituzte esklabotza-baldintzak: eraikuntza zibilean, ostalaritzan eta substantzia kimikoekiko menpekotasuna duten pertsonentzako kliniketan.

Pernambuco estatuko klinika batean, esate baterako, ez dute langile bat bera ere kontratatuta izan. Gaur egun, 64 paziente artatzen zituzten bertan, eta horietatik hemezortzi behartzen zituzten klinikako administrazio-lanak eta etxeko lanak egitera.

EZ DAGO IRUZKINIK