PSE-EE alderdiak joan den asteburuan egin du kongresua Donostiako (Gipuzkoa) Kursaalean, eta bertan izan dira, besteak beste, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari orokorra, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta Carlos Cuerpo Ekonomia ministroa. Kongresu horren harira, eta Cuerpo bertan egongo zela probestuta, Zumaiako (Gipuzkoa) Balenciaga ontziolako langileek Kursaal parera eraman zituzten euren aldarriak larunbatean: elkarretaratze bat egin zuten bertan, Eskualdeko industriaren defentsan, Balenciaga ez itxi lelopean. Izan ere, Cuerpo buru duen ministerioa da Balenciagaren itxiera ekidingo lukeen irtenbideren bat blokeatzen ari den agenteetako bat, Cofidesen bidez.
Momentuz, bere horretan jarraitzen du egoerak: itxieraren eta kaleratze masiboaren mamua dute gainean Balenciagako 71 behargin zuzenek eta ontzi bakoitza eraikitzeko kontratatzen dituzten ehunka langileek. Datorren martxoaren amaierarako dago iragarrita ontziolaren likidazioa, eta, hortaz, egoerak duen "presaz" ohartarazi dute berriz langileek. Azarotik ari dira itxieraren aurka borrokan, eta mobilizatzen segitzen dute. Larunbateko protesta zela-eta, PSOEko ordezkari batek esan zien "elkarlanean" ari direla Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua, Balenciagako egoerari begira.