Aurreko astean jakinarazi zutenez, apirilaren 30ean, emakume bat erailtzen saiatu zen bere mutil laguna Bilboko (Bizkaia) Atxuri auzoan. Bikoteak eta emakumearen alabak bizitoki modura erabiltzen zuten lokalari su eman zion gizonak, gauez, eta larriki zauritu zuen emakumea; Gurutzetako erietxean (Barakaldo, Bizkaia) ospitaleratu zuten erredurekin, eta han jarraitzen du oraindik, larri.
Atxilotu eta kartzelaratu egin zuten 36 urteko erasotzailea, eta berriki azaldu dute, gainera, apirilekoa ez zela egin zuen aurreneko erasoa izan. Joan den urtarrilean, neska lagunaren lagun bat harrapatu zuen autoarekin Areatzan. Zauri larriak eragin zizkion modu horretan, eta hainbat ebakuntza egin behar izan zizkioten zauritutako emakumeari.