Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleakek apirilean aurkeztu zuten elkarlanean martxan jarritako egitasmoa; Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunea. Bihar, ekainak 12, Topaguneko lehen eguna izango da. "Prozesu sozialistari bultzada ematea, komunitate politikoa indartzea eta langile kultura hedatzea" ipar, bihartik hasita igandera bitartean, lan egunak, hitzaldiak zein aisialdirako jarduerak izango dira Azpeitiko (Gipuzkoa) Esklabak eraikin birjabetuan.
Nerea Franciscoeneak eta Eneko Carrionek pasa den astean GEDAR LANGILE KAZETAri azaldu ziotenez, "ospakizuna eta konpromiso politikoa" uztartuko dituzte Topagunean, "ospakizun eredu politikoa" erdiesteko asmoz. "Jaialdi kapitalistari" eta horrek dakarren "despolitizazioari" kontrajarrita ulertu nahi dute "ospakizun eredu politikoa".
"Egunerokoan, herrietan, eskualdeetan zein maila nazionalean, antolakuntzaren bitartez prozesu sozialista pixkanaka elikatzen ari garela ospatu nahi dugu, eta baita egun horietan Azpeitian egingo dugun lan guztia ere", gehitu zuten.
Esklabak eraikina egokitzeko izango dira lan egunak, eta "jakintza arlo desberdinak" ikasteko eta lantzeko aukera izango da. Besteak beste, iturgintza, elektrizitatea, arotzeria, mural margoketa, komunikazioa, txosnen muntaketa eta sukaldaritza landuko dituzte bertaratzen diren kideek.
EGITARAUA
Asteazkena, ekainak 12. Lan eguna
Osteguna, ekainak 13. Lan eguna
Ostirala, ekainak 14
Larunbata, ekainak 15
Igandea, ekainak 16. Desmuntaketa