Miarritzen (Lapurdi), eraso arrazista bat jasan zuen pertsona batek joan den Urtezahar gauean. Uber gidari modura jarduten du lanean erasotua izan zen lagunak, eta bezero batek egin zion eraso: hari autoa lapurtzen saiatu zen lehenengo, eta langileak hori ekidin zuenean, aurpegian bortizki kolpatu eta irain arrazistak egin zizkion. Pairatutako zaurien ondorioz, zortzi eguneko baja hartu behar izan du beharginak.
23 urte ditu erasotzaileak, eta Donibane Lohizunekoa (Lapurdi) da. France Bleu irratiaren arabera, erasoa egin ondotik oinez jo zuen ihesera gazteak, eta handik gutxira atxilotu zuten. Gidariari eraso ziola onartu zuen, eta prokuradorearen aurretik igaro ondoren utzi zuten aske. Maiatzaren 27an epaituko dute, Baionan (Lapurdi).
Eraso arrazista gehiago Euskal Herrian
Eguberri hauetan, eraso arrazista gehiago atera dira argitara Euskal Herrian. Abenduaren 26an, bi emakume beltzi egin zieten eraso hainbat gizonek Baionan (Lapurdi), eta hurrengo egunean, abenduaren 27an, jatorri txinatarreko gizon bat jipoitu zuten zenbait gaztek Arrigorriagan (Bizkaia).